Nøgenek hamar urteko ibilbideari amaiera emango dio, azken diskoa eta agurreko bira egin ondoren

Talde donostiarrak 2027aren hasieran argitaratuko du laugarren eta azken diskoa, eta Etxera nola heldu izeneko birarekin esango die agur agertokiei. Erabakia sare sozialen bidez jakinarazi dute, eta Onak eta txarrak abestia plazaratu, azken albumaren lehen aurrerapen gisa.

Nøgen taldeak hamar urteko ibilbideari amaiera emango diola iragarri du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean. 2027aren hasieran argitaratuko du laugarren eta azken diskoa, eta ondoren Etxera nola heldu izeneko agurreko bira egingo du. Iragarpenarekin batera, Onak eta txarrak abestia kaleratu dute, dagoeneko plataforma digitaletan entzungai dagoena.

Taldeak adierazi duenez, “duela hamar urte biluzik, ezer ezkutatu gabe, hasi ginen kantatzen, eta horrela esan nahi dugu agur. Azken disko honetan dago izan garen guztia, eta gurekin hazi diren pertsona guztiekin batera kantatuz amaitu nahi dugu”.

Etxera nola heldu agurreko bira

Azken diskoa argitaratu ondoren abiatuko da Etxera nola heldu bira, 2027aren hasieran. Lehen kontzertua otsailaren 20an eskainiko dute Errenteriako Lekuona Fabrikan; otsailaren 27an Bilboko Kafe Antzokian ariko dira; martxoaren 6an Madrilgo Cafe La Palman; eta maiatzaren 1ean Bartzelonako Razzmatazz 3 aretoan.

Bilbo, Madril eta Bartzelonako kontzertuetarako sarrerak urriaren 21ean jarriko dituzte salgai, 11:00etan, eta Errenteriakoak abenduaren 10ean.

Agurreko bira hasi aurretik, hamargarren urteurreneko bira amaituko dute aurten. Bi kontzertu geratzen zaizkie: urriaren 31n Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta azaroaren 13an Iruñeko Gayarre Antzokian.

Danimarkan abiatutako ibilbidea

Nøgenen ibilbidea 2016an hasi zen, Danimarkan, Markel Idigorasek Erasmus egonaldi batean lehen melodiak sortu zituenean. Handik ekarri zuen taldearen izena ere: nøgen hitzak “biluzik” esan nahi du danieraz.

Donostiara itzultzean, Alex Irazusta eta Ane Negueruela batu zitzaizkion, eta 2017an boskote bihurtu zen taldea, Olatz Cuevas eta Jokin Guilisagasti gehituta.

Ibilbidean zehar Lys (2017), Liv Til Døden (2018), Under Alt (2020) eta Åben Cirkel (2023) lanak argitaratu dituzte, baita Galdu baino lehen bertsio-EPa ere, 2025ean.

Taldearen folk-popa Euskal Herritik kanpoko agertokietara ere iritsi da, besteak beste, Japoniara, Koreara, Finlandiara eta Kubara. Nora, Ez Da Ondo Aterako, Enarak, Gertu eta Oxigenoa dira beren kantetako batzuk.

Orain, Onak eta txarrak abestiarekin ireki dute azken diskoaren bidea, 2027an agertokiei agur esan aurretik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna