‘Non dago Mikel?’ dokumentalak emango die hasiera Bilboko Zinexit Topaketei

Hamaikagarren edizioa azaroaren 22tik 26ra bitartean egingo da. Dokumentala, berriz, gaur proiektatuko dute Golem Alhondiga zinema-aretoetan, arratsaldeko 19:30ean.

Pandemiaren eraginez iazko edizioa bertan behera geratu ondoren, Bilboko Zinema eta Giza Eskubideen Zinexit Erakustaldia Golem zinema-aretoetara itzuliko da, aurreko hamar edizioetan izan duen helburu berarekin: “duintasunaren eta oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako bizikidetza bultzatzea, zazpigarren artea tresna gisa erabiliz”.

Aurtengo edizioa azaroaren 22tik 26ra bitartean izango da eta programak, ohi bezala, Zinexit Topaketak izango ditu atariko gisa. Hala, gaur Mikel Zabalzaren desagerpenari eta heriotzari buruzko dokumentala proiektatuko da. Hitzordua Golem Alhondiga zinema-aretoetan izango da, 19:30ean. Sarrera librea izango da, baina aldez aurretik leihatiletan jaso beharreko gonbidapenarekin.

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu ditu Zinexit Topaketak, Bilbon, eta, adierazi duenez, ekimena “zinema jendea mobilizatzeko, hausnartzeko eta bizikidetza sustatzeko eta pertsonen oinarrizko eskubideak defendatzeko tresna gisa erabiltzearen aldeko apustua da”. Hernandorekin batera, Idoia Zabalza, Mikelen arreba, Izakun Arandia filmaren ekoizlea, eta Octavio Gonzalez programatzailea izan dira.

Filma eta solasaldia

Gaurko emanaldirako Non dago Mikel? filma aukeratu dute. Antolatzaileen arabera, “dokumental urratzailea da, eta biktima guztiek, oro har eta Mikel Zabalzaren familiak eta lagunek bereziki, egia jakiteko duten eskubideari lagundu nahi dio”. Filma Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek idatzi eta zuzendu dute, Izaskun Arandiak ekoitzi du eta Nagore Ezeiza arduratu da irudiaz.

Ion Arretxe da dokumentalaren protagonista, 1985ean Mikel Zabalzarekin batera atxilotutako pertsonetako bat. Lantaldearen esanetan, “jasandako torturen inguruan ematen duen testigantza eta egiten dituen hausnarketak balio handikoak dira, eta ez dute inor axolagabe utziko”. Gogoratu behar da Arretxe 2017an hil zela. Zabalzaren anaiak ere atxilotu zituzten polizia-operazio hartan, eta gertatu zitzaiena lehenengo aldiz kontatzen dute film honetan. Hauekin batera, Zabalzaren ilobek ere parte hartu dute dokumentalean, osabaren hilketagatik egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu duen hurrengo familia-belaunaldia da.

1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe Zabalzaren neska-laguna eta Ion Arretxe. Orbaizetan berriz, Patxi eta Aitor Mikelen anaiak ere atxilotu zituzten, baina hamar orduren buruan askatu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikatuta egon ziren.

Hurrengo egunean, Zabalzaren desagerpenaren berri eman zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin zuen eta Bidasoa ibaira bota zuen bere burua, guardia zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela.

Bilaketa lanak jarraian hasi ziren, baina, egunak aurrera egin ahala, Zabalza bizirik aurkitzeko itxaropena poliki-poliki itzaltzen joan zen. Aldi berean, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zenaren zurrumurrua hedatzen hasi zen.

Hala, eragile politiko eta sozialak egoera jendaurrean salatzen hasi ziren, eta kalean ere hainbat mobilizazio egin zituzten. Zabalzarekin batera atxilotutakoen lekukoek poltsa eta bainera egin zizkiotela kontatu zuten eta horren ondorioz hil zela berretsi zuten. Hala ere, bertsio ofiziala ez zen aldatu, eta Barne ministro Jose Barrionuevok Zabalza lehenago edo beranduago agertuko zela ere adierazi zuen.

Desagertu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Zabalzaren gorpua aurkitu zuen Bidasoa ibaian, egun batzuk lehenago Gurutze Gorriak goitik behera miatutako toki batean.

Heriotzagatik hunkituta eta Zabalzaren familiari babesa emateko eta Estatuko hilketatzat hartzen den desagerpena salatzeko asmoz, sekula ikusi gabeko mobilizazio soziala eta protesta ekintza bortitzak izan ziren Euskal Herrian.

Zabalzaren heriotzaren zergatiak eta inguruabarrak ezagutzeko zailtasunak eta egiaren bila ari direnak Estatu espainoleko agintari eta epaileengandik jasaten ari diren utzikeria eta trabak ikusita, gaur egun ez dago zehatz-mehatz jakiterik zer gertatu zen, eta, ia 35 urte igaro badira ere, oraindik ez da inor ere epaitu Orbaizetako bizilagun honen heriotzagatik.

Zabaldu: