(argazkia: Pio Ortiz de Pinedo)

‘Non dira haurrak?’, gertaera latz batetik abiatzen den helduentzako antzezlana

Jokin Oregi antzerkigileak idatzi eta zuzendutako obra irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, Bilbon. Iraia Eliasek, Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute aktoreen zerrenda.

Tartean Teatroak eta BBK aretoak Non dira haurrak? antzezlana aurkeztu dute gaur Bilbon. Jokin Oregik idatzi eta zuzendutako obra gertaera tragiko eta gogor batetik abiatzen da, Maddi 8 urteko neskatoaren suizidio saiakera, helduen munduaren erretratu korala egiteko. Izan ere, antzezlaneko haurrak ez dira eszenan agertzen, nahiz eta bertan dauden pertsonaiek (denak helduak) interpelatu egiten dituzten. Haurtzaroaren ez agertze horrekin kontrajarrita, “gizarte apurtu, krudel, antsietate eta depresibo bat deskribatu nahi dugu, ezinbestean belaunaldi berriengan eragina duena”, kontatu du Oregik. Iraia Eliasek eta Sandra Ferrusek (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandaka, hurrenez hurren), Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute aktoreen zerrenda, Maddi txikiaren inguruko amari, aitari, psikologoari eta gainerako helduei bizia emanez.

Lantaldearekin batera, Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatzak hartuko du parte oholtza gainean, “bere ahotsekin babestuko du kontakizunaren gainetik doan baina eszenan ikusten ez dugun haurren presentzia”. Horrela, Adrian Garcia de los Ojosen jatorrizko musika, Miren Agur Meabe idazle eta poetak propio sortutako letrekin, zuzenean entzungo da eta “oilo larrua jarriko duen luxu ikaragarria” izango da gaineratu du Oregik.

Marie de Jongh konpainiaren ekoizpen familiarren bidez, beti haurrekin konprometituta egon den antzerkigilea da Oregi. Oraingoan baina, ikusle helduengana zuzendu nahi izan da egilea, Europako antzerkian gaur egun dagoen joera bati helduz. “Pertsonaiei hitz egiten uztea da asmoa, beren diskurtsoaren eta zuzenean kontatzen digutenaren bidez bakarrik biluzten uztea, besteekin ekintzak eta elkarrizketak eginez egin beharrean”, azaldu du Oregik, nolabait, ipuin-kontalariaren irudi klasikoa berreskuratzen duen korronte batean. Horrela, “publikoak ezinbestean pertsonaietan islatuta ikusiko du bere burua eta kontzientzia hartuko du”.

 Non dira haurrak? obra irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz, Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna