‘Nondik eta zeri kantatzen diogu?’ izenburupean dator Bertsolamintza plaza

Martxoaren 13an hasiko da, Gasteizen, eta 23an amaituko, Amasa-Villabona.

Bost urteko etenaldiaren ostean, bueltan da Bertsolamintza: bertsolaritzako gogoetaren plaza. Martxoaren 13an hasita, bi astean zehar bina saio eskainiko dituzte hizlariek, herrialde anitzetan. Martxoaren 23an amaituko da aurtengo edizioa, Villabonan. Bertan elkartuko dituzte hizlari guztiak, egun osoko egitarau batean bilduta. “Martxoaren 13an hasiko gara, Gasteizko Goiuri jauregian. Bertan izango dira, Aroa Arrizubieta moderatzaile dutela, Maider Arregi alde batetik eta Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bestetik. Hiruek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek, baina ertz ezberdinetik. Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du. Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozio-ekonomikoa izango dute berbagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien”, azaldu Bertsozale Elkarteak.

Bigarren saioa martxoaren 14ean izango da, Bilboko Euskararen Etxean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Lehenak libreko bertsogintza izango du hizketagai: bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu. Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da. Bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du.

Itsasuko Sanoki gela izango da hirugarren geralekua, martxoaren 20an. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana eta Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida: estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.

Azken saioa Iruñean izango da, Laba espazioan, martxoaren 21ean. Saioa Alkaiza ariko da aurkezle lanetan. Hizlariak Julio Soto eta Imanol Artola batetik, eta bestetik Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira. Lehenengoak gai-jartzailearen inguruan arituko dira, gaien aukeraketaren inguruan. Azkenengoek bertso-eskoletara ekarriko dute gaia: eztabaidatuko dute bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.

Aurtengo bertsolamintzaren itxiera ekitaldia, esan bezala, Villabonan izango da, Subijana etxean. Egun osoko egitaraua prestatu dute, aurreko bi asteetan parte hartutako hizlariak bertan egongo baitira, Ainhoa Agirrezaldegi eta Aner Peritz moderatzaile dituztela. Egitaraua goizeko 8:45ean hasiko da, eta eguerdirako bukatuko da. Ostean, bazkaria egongo da Bear zana elkartean, eta bazkalondoan libreko bertso saioa. Miren Artetxe eta Sustrai Colina ibiliko dira bertsotan, eta Eli Pagola gaia jartzen. Bazkarirako tiketak salgai egongo dira, martxoaren 6tik aurrera, bertsosarrerak.eus webgunean, 25 eurotan.

Zabaldu: