(argazkiak: Donostia Kultura)

Olaia Martinez artistaren erakusketa paratu dute Donostiako Ilustratzailearen txokoan

Donostiarrak sortutako ilustrazioak bihartik, hilak 10, martxoaren 16ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Olaia Martinez (Donostia, 1990) Arte Ederretan lizentziatu zen Salamancan eta Produktu Grafikoen Diseinua eta Irakaskuntza masterrarekin osatu zuen bere prestakuntza.

Bere ibilbidean zehar, bestelako alorretan ere trebatu da. Haur eta Gazte literaturari dagokionez, esaterako, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen Marrazioak eta Biko-Teka tailerren edizio ezberdinetan parte hartu izan du Maite Gurrutxaga, Juan Kruz Igerabide, Gustavo Puerta, Elena Odriozola, Ignasi Blanch, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Aitziber Alonso eta Harkaitz Cano sortzaileen gidaritzapean.

Ilustrazioaz gain, bestelako adierazpen artistikoetan ere formakuntza jaso du. Hala, zeramika, koadernaketa, grabatua edota artista liburuak ere lantzen ditu.

Atsegin du eskuekin lan egitea eta horiek zikintzea, margoekin bereziki. Asko gozatzen du ilustrazioarekin, irudien bidez kontatzeko aukera ematen baitio, baita paperarekin lan egin eta artista-liburuak sortzea ere. Gai guzti horiek irakastea da bere beste pasioetako bat.

Esperientzia zabala du tailer artistikoak ematen. 2012az geroztik, marrazketa artistikoa, ilustrazio esperimentala, serigrafia, transferentzia, collagea, grabatua edo pop-up teknikak irakasteko tailerretan gidari izan da.

Hainbat aipamen jaso ditu bere ibilbidean; besteak beste, 2018an Maialen Arocenarekin batera Artista Liburuaren lehiaketan hirugarren saria jaso zuen.

Bere lanak zenbait erakusketatan ikusgai izan dira. Hala nola, Donostiako San Telmo Museoan antolatutako Arteliburu jardunaldien baitako artista liburuen erakusketetan (2015-2022); Olatu Talka Jaialdiko irudi sortzaileen erakusketa kolektiboan (2019); Zis-Zas erakusketan, Tolosako GKO arte galerian (2018); El idioma de las flores erakusketa kolektiboan, Tolosako Aranburu Jauregian (2017) edota La Laguna Unibertsitatean egindako erakusketa kolektiboan (2013).

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra eta Aritz Trueba. Orain, Olaia Martinezen txanda da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna