(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak Ragnhild May artistaren ‘Kritika instituzionala haurtzaindegirako’ instalazioa aurkeztu du

Skala proiektuaren seigarren obra hau sortzeko artistak Xabier Erkizia izan du lagun soinuaren nahasketa eta lokalizazioari dagokionean, eta Oier Etxeberria izan da komisarioa. Tabakalerako eskailera nagusian izango da ikusgai eta entzungai urtarrilaren 8ra arte, eraikinaren irekiera ordutegian.

Donostiako Tabakalera zentroak Ragnhild Mayk diseinatutako Kritika instituzionala haurtzaindegirako instalazioa aurkeztu du.

Lanak kanal anitzeko soinu-instalazioak ordenagailuz kontrolatutako txilibitu-instrumentu batekin sortutako konposizio polirritmikoa du oinarrian eta artistak berak sortu du. Instalazioa partitura gisa funtzionatzen duten bi horma-irudik eta artistak bere konposizio lanetan eta performanceetan jotzen dituen haritzezko bi txirulek osatzen dute. Beraz, digitala analogikoarekin nahastu duela esan daiteke, txirulentzako techno musika sortuz.

Instalazioak txirulen historia kulturalari, haurren hezkuntzari eta gorputzaren eta musika-tresnaren arteko harremanari buruzko gogoeta egiten du.

Scala egitasmorako proposamen berri honen erdigunean dago inoiz aurkitu den musika-tresna zaharrena: txirula. Musika-tresna zaharrenen aurkikuntza arkeologikoak, duela 40.000 urte ingurukoak, hezurrekin egindako txirulak dira, txirula modernoen antzekoak. Arkeologoek iradokitzen dutenez, instrumentu horiek “agian, oso lagungarriak izan ziren gizaki modernoen hedapen demografikoa eta lurralde-hedapena errazteko”. Mundu osoko kulturek dituzte mihi gabeko txirulen bertsioak.

Musika tresna eta giza gorputzaren arteko harremana da instalazio honek lantzen duen hirugarren adarra. Musika-tresnak gorputzaren hedapen gisa har daitezkeela adierazten du autoreak: “Gizakiak, adibidez, ahoa eta eskuak erabiliz txistu egin dezake; beraz, flauta batek gorputzaren luzapen naturala dirudi, tonu indartsuagoa edo askotarikoagoa sortzeari dagokionez. Instrumentua protesi mota bat izan daiteke, gorputzarekin sinbiosi ziborgiarrean dagoena”.

Hiru ildo horiek jarraituta sortu da Ragnhild Mayen lana. Ordenagailu bidez kontrolatuta egotean, polierritmo oso aurreratuak ahalbidetzen ditu. Izan ere, hain erritmo konplexuak dira gizakientzat ezinezkoak edo jotzeko oso zailak direla, baina ordenagailu bat erabiliz sortzeko errazak.

Kritika instituzionala haurtzaindegirako instalazioa sortzeko artistak Xabier Erkizia izan du lagun soinuaren nahasketa eta lokalizazioari dagokionean, eta Oier Etxeberria izan da komisarioa. Tabakalerako eskailera nagusian izango da ikusgai eta entzungai urtarrilaren 8ra arte, eraikinaren irekiera ordutegian.

Zabaldu: