Lehiaketa forma duen itxiera ekitaldia azaroaren 26ean egingo da Udinen (Italia), eta Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herriko musikariek hartuko dute parte. Sariak publikoak eta epaimahai artistiko batek erabakiko dituzte.
Suns Europe 2009. urtean sortu zen Udinen (Italia) Europako Alpe eta Mediterraneo aldeko hizkuntza gutxituetako musika lehiaketa gisa. Geroztik, Radio Onde Furlane irratiak eta ARLeF agentziak sustatutako ekitaldia garatzen joan da Europa osoko hizkuntza gutxituetako artisten topagune bilakatu arte. Suns hitzak soinua esan nahi du friulieraz, Italiako ipar-ekialdean 600.000 inguru lagunek hitz egiten duten hizkuntzan. Eta ekitaldiak zinema eta literatura bezalako diziplinei ere atea irekitzen dien arren, musikak plater nagusia izaten jarraitzen du, eta bereziki, azaroaren 26an Udineko Teatro Nuovo Giovannin 1000 ikusleren aurrean egingo den lehiaketak.
Final handian Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herritik joandako sei musika taldek hartuko dute parte, jaialdiaren batzorde artistikoak hautaketa egin ostean. Horien artean dago Olatz Salvador musikari donostiarra. Hainbat urtez Skakeitan taldearekin aritu ostean, 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudioko lana Zintzilik izenpean, 2021ean berriz, Aho Uhal diskoa argitaratu zuen. Bertan, sentsibilitate handiz, une zailetatik jaiotako sentimendu eta hausnarketak taularatzen ditu. Salvadorrek emozioei egiten die kantu bere lanetan, gaurkotasun handiko gaiei helduz maiz. Ardura sozial horretan sakonduz, bestelako proiektuetan ere hartu izan du parte, podcast eta sorkuntza kolektiboak sustatuz, besteak beste.
Donostiarrarekin batera, Massimo Silverio, Violoncelli Itineranti, Rick Hilberts eta Ealûs taldeak ere igoko dira Teatro Nuovo Giovanniko oholtzara. Talde bakoitzak 15 minutuko saioa eskainiko du eta, amaieran, epaimahai artistiko batek eta antzokira bertaratutako publikoak emango dituzte sariak.
Aurten, orotara, Europako sei estatutako 32 musika taldek eman dute izena ekitaldian, 14 hizkuntza gutxitu ordezkatuz: Italia hegoaldeko albaniera, frankoproventzera, Herbehereetako behe-saxoiera, bretoia, friuliera, galegoa, galesa, ladiniera, Suizako erromantxea, Italiako esloveniera, euskara, katalana, sardiniera eta eskoziera.