(argazkia: Santi Yaniz)

Omenaldi beroa egin diote Kepa Junkerari Bilboko Arriaga antzokian

Antzoki barruan bizitakoa “benetako festa” bat izan dela adierazi dute antzokiko ordezkariek. Taula gainean izan dira, besteak beste, Ines Osinaga, Amak taldea, Josune Arakistain edota Xabi Aburruzaga.

(argazkia: Santi Yaniz)

Olaeta Balleteko dantzariek eta hainbat trikitilarik, tartean Kenpa Junkeraren musika akademiako ikasleek, eman diote hasiera musikari bilbotarraren omenezko ekitaldiari. Arriaga antzokiko plazan izan da harrera gaur, arratsaldeko 19:00etan eta ordu erdi beranduago, Jon Maya dantzariaren zuzendaritza artistikoarekin eta Harkaitz Martinez de San Vicenteren koordinazio musikalarekin, kontzertua hasi da antzokian bertan.

Ondoren, Antzoki barruan bizitakoa benetako festa bat izan dela diote antzokiko ordezkariek, “Junkeraren musikaren inguruko ospakizun bat, ikusleak hunkitu egin dira emanaldiekin”, aitortu dute. Bertaratutakoek gainera, Uxia eta Budiño, Amak, Eliseo Parra, Cobla Sant Jordi, Ines Osinaga, Xabi Aburruzaga eta Josune Arakistain taula gainean ikusteko aukera izan dute, besteak beste. “Musika-konexio bereziak sortu dira, hori izanik, zalantzarik gabe, Kepa Junkeraren ibilbide artistikoaren ezaugarri nagusia, beti prest egoten baitzen beste musikari batzuekin kolaborazioak egiteko eta estiloak fusionatzeko. Horri esker ikusi ahal izan ditugu gaur Ibon Koteron, Oreka TX, Sorginak, Tapia eta Leturia eta abarren emanaldiak”.

Dantzak ere izan du protagonismoa oholtza gainean, Lucia Lacarra & Matthew Golding-en eta Kukai Dantzaren eskutik.

Zalantzarik gabe, gaueko une hunkigarrienetako bat Itziar Lazkano aktoreak, Bilboko Aste Nagusiko azken pregoilariak, Kepa Junkera agertokira igo duenean izan da”. Junkerak ondoan Marijaiaren erreplika bat eta Bilboko Konpartsetako ordezkari ugari zituela, txalo zaparrada bat eta esker ona jaso ditu Badator Marijaia, Aste Nagusiko abestia, sortzeagatik.

Beste une gogoangarri bat kontzertuaren amaieran izan da, parte hartu duten artistek elkarrekin Junkeraren konposizio ezagunenetako bat jo dutenean: Gaztelugatxeko Martxa. Giro herrikoi horrekin eman diote amaiera hitzordu handiari.

Zabaldu: