(Ondarroako Udala)

Ondarroako Literatur Amuak bueltan da, euskara eta sormena erdigunean jartzeko asmoz

Urriaren 24tik azaroaren 28ra, literatura, antzerkia, filmak, solasaldiak, ibilbide literarioak, umorea, argazkilaritza, bertsoak eta komiki-erakusketa bat izango dira.

Literatur Amuak jaialdia indarrez dator aurten ere Ondarroara, Udaleko euskara sailaren eskutik. Herriko sortzaileak erdigunean jarrita, diziplina anitzeko jarduerak eskainiko dira urriaren 24tik azaroaren 28ra bitartean. Hala, “euskara eta sormena erdigunean ipinita, literatura, antzerkia, filmak, solasaldiak, ibilbide literarioak, umorea, argazkilaritza, bertsoak eta komiki-erakusketa egongo dira herritarren eskura, doan, adierazi du antolakuntzak.

Urtero bezala, Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren sariketak emango dio hasiera jaialdiari. Lehenengo, aurtengo beka deialdiko irabazlea zein den ezagutzera emango dute Udalak eta Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek, eta ostean, iazko bekatik sortutako Sakelako bihotzak liburuaren aurkezpena egingo du Julen Apella idazleak, Joxemari Urteagarekin solasean. Egun berean, goizez, elkarrizketa musikatu saioa eskainiko da ikasleentzat Kofradia Zaharrean, Ugaitz Alegria aktorearen eskutik: gazteek sortzaile euskaldunak zuzenean ezagutzeko aukera musikaren bidez.

Larunbatean, irakurle klubaren txanda izango da Txomin Agirre udal liburutegian, eta domekan, Itoiz udako sesioak filma eta solasaldia ikusteko aukera egongo da, 19:00etan Kofradia Zaharrean. Jose Garate Foisis ere bertan egongo da.

Egitarauak urriaren 30ean jarraituko du Arimen Gauarekin. Gai horren bueltan eskainiko dira umeentzako kontakizunak eta Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz filma. Horiez gain, Etxelilan liburu aurkezpena ere egongo da, ostegunean, urriak 30, 18:30ean: Arpegiko narrua kenduko deutsuet: Tramanak eta Brixek (eta bestek) Ariadnari hizkuntzaz, sexuaz eta generoaz irakatsi ziotena.

Azaroaren 1ean idazle eta musikari ondarroarrek hartuko dute herria. “Goizean (12:00etan Kofradia Zaharrean), Kalian gora, maria behera literatur ibilbideetako beste bi ezagutuko ditugu, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazleen eskutik. Jarraipena emango diete iaz Kirmen Uribek eta Ana Urkizak sortutako ibilbide multzoari, euren lanetan oinarritutako sorkuntzetatik abiatutako ibilbide literarioak ezagutaraziz”, zehaztu dute antolatzaileek. Egitasmo honen “helburua da herrian dauden eta egon diren idazleen eskutik, eta euren sormen lanetan oinarrituta, herria ezagutzeko ibilbide literarioak sortzea nobeletako pasarteetan oinarrituz; euskara, herriaren ezagutza, literatura eta turismoa uztartzen dituen proiektua da, nola ez, euskara ardatz”. Arratsaldean, musikaren txanda izango da, 19:00etatik aurrera, Kofradia Zaharrean: Biren, Mahl Kobat eta Aiza Gandarias eta Olatz Naberan bikotea izango dira.

Igande arratsaldeak musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzeko balio izango du, hiru urtetik aurrerako umeentzat. 17:30ean hasiko da Kofradia Zaharrean Batetik Bestera ikuskizuna, Benetan be taldearen eskutik.

Literatur Amuak jaialdiak dirauen bitartean, Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarroarraren Irudiletrak erakusketa egongo da ikusgai, eta amaierako egunarekin batera beste bat ere hasiko da: Marrazkiak ere irakurtzen direnean, Aitor Urkiola Brontxe marrazkilari ondarroarraren komiki erakusketa, Luterl taldearen eskutik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna