(argazkia: Mutur Beltz elkartea)

Ondo Bizi Arte Egonaldiaren hamargarren edizioak artea, artzaintza eta lurraldea uztartuko ditu Karrantzan

Hamargarren edizioak asteburu honetan izango ditu herritarrentzat irekitako hitzordu nagusiak: Pedro G. Romeroren espazio espezifikoko proiektu baten estreinaldia eta artea, biodibertsitatea eta landa-mundua ardatz izango dituen jardunaldia.

Mutur Beltz elkarteak antolatutako Ondo Bizi Arte Egonaldia hamargarren ediziora iritsi da aurten, eta egunotan garatzen ari dira Karrantzan. Egonaldiaren barruan, herritarrei irekitako hainbat jarduera antolatu dituzte, arte garaikidea, lurraldea eta artzaintzarekin lotutako hausnarketak partekatzeko helburuarekin.

Ondo Bizi Arte Egonaldia Karrantzan egiten den sormen-egonaldia da, eta bere lehen edizioetatik kultura, sormen artistikoa, ikerketa eta landa-ingurunearen arteko loturak lantzea izan du helburu. Aurreko edizioetan azaldu izan duten bezala, praktika artistikoaren bidez landa-garapenerako ongizatean lagundu nahi dute, tokiko biztanleen parte-hartzea sustatuz eta Karrantzako artilearen erabilera nahiz inguruko ondare naturala eta kulturala balioan jarriz.

Egitaraua

Aurtengo egitarau irekiaren lehen hitzordua uztailaren 17an izango da. Ostiralean, 20:00etan, Aldeacuevako kobazuloan Pedro G. Romeroren A una cordera / de tanto acariciarla / se golvió fiera proiektu berria estreinatuko dute. Aldeacuevako kobazulorako berariaz sortutako lana da, eta hainbat artista eta laguntzaileren parte-hartzearekin garatu dute.

Hurrengo egunean, uztailaren 18an, larunbata, Artea eta Artzaintza jardunaldiak egingo dira Karrantzako Kultur Etxean, 11:30etik 14:00etara. Publikoari irekitako topaketan Pedro G. Romero, Jose Jurado, Carla Boserman Romero, Luis Manuel Peña Cerro eta Odile Rodriguez de la Fuente izango dira, arte garaikidearen, lurraldearen, biodibertsitatearen eta landa-munduaren inguruan hausnartzeko.

Familien parte-hartzea errazteko, jardunaldiekin batera doako haur-tailerra ere antolatu dute. 5 eta 12 urte bitarteko haurrek Karrantzako artilearekin lan egiteko eta taloak egiten ikasteko aukera izango dute. Bost urtetik beherako haurrek heldu batekin batera parte hartu ahal izango dute. Plazak mugatuak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da.

Mutur Beltzek aurreko edizioetan azaldu izan duenez, elkartearen jarduna artzaintzarekin eta artilearen balorizazioarekin lotuta dago. Horrez gain, arte-egonaldiaren bidez sortzaileei aukera eskaintzen die landa-ingurunearekin eta bertako errealitatearekin harreman zuzena izateko, diziplina artistiko desberdinetatik garatutako proposamenen bidez.

Zabaldu:

Utzi erantzuna