Opazank! Sakanako Hizkeren bideo lehiaketa abian

Epaimahaiak Sakanako hizkeren erabilera, originaltasuna, sormena eta kalitate teknikoa baloratuko ditu. Maiatzaren 29ra arte aurkez daitezke lanak. 

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Opazank bideo-lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Lehiaketaren helburua herritarrak Sakanako hizkerak, hitzak eta esamoldeak erabiltzera animatzea da.

Antolakuntzak adierazi duenez, “sari potoloekin dator” ekimena: “bideo onenak 300 euroko txartela jasoko du, 200 eurokoa bigarrenak eta 100 eurokoa hirugarrenak”. Txartelak Sakanako denda edota jatetxe batean erabiltzeko izango dira.

Taldean parte hartu behar da (familian, lagunekin…). “Aurten lehiaketak egoera berezian harrapatu gaitu, etxetik atera ezinik, eta, gaur gaurkoan, ez dakigu zenbat iraungo duen egoera horrek. Horren aurrean, aukera bat da bideoa etxekoekin grabatzea. Eta, bestela, teknologia berriak eta irudimena erabili daitezke lagunen arteko elkarrizketak sortzeko”.

Bideo laburrak egin behar dira, gehienez hamar minutukoak. Bigarren edizio honetan ez da gutxieneko iraupenik egongo, beraz, minutu batekoak edo laburragoak ere sortu ahal izango dira. Antolatzaileek diotenez, lehiaketan parte hatzeko ez da bideo edizioan aditua izan behar. Sakelakoarekin ere grabatu daiteke.

Epaimahaiak Sakanako hizkeren erabilera, originaltasuna, sormena eta kalitate teknikoa baloratuko ditu.

Bideoak Wetransfer bidez euskara2@sakana-mank.eus helbidera bidali ahal izango dira maiatzaren 29ra arte.

Oinarriak:

 

Zabaldu: