Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak ‘Guztiok gara migratzaile’ hezkuntza proiektua aurkeztu du

Ormaiztegiko San Andres eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek gertutik ezagutu ahal izan dute aurten ere migrazioa zer den, eta landutakoarekin uztailaren 4ra arte iraungo duen erakusketa paratu dute Museoan.

Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegiko San Andres eskolarekin elkarlanean, Guztiok gara migratzaile izeneko proiektuaren aurtengo ikasturteko edizioa amaitutzat eman du. Museoak 2018an abiatutako Migrazioak proiektua Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin migrazioa landu eta gaiaren inguruan ikertzean datza. Otsailean abiatu zen proiektu honetako prozesua jaso izan du Museoak eta pasa den ostiralean ireki berri den erakusketa honetan islatu du, ikasleen ikasketa prozesu hau publiko orokorrari erakusteko asmoz.

Ormaiztegi 1.248 biztanleko herria da eta bertan 21 herrialde ezberdinetatik etorritako pertsonak bizi dira. Datu esanguratsu hori kontutan hartuz, 2018an Zumalakarregi Museoak Migrazioak proiektua jarri zuen martxan eta gaia maila ezberdinetan lantzeko bide ezberdinak ireki zituen.

Gazteenek migrazioa zer den eta migratzaile izateak zer esan nahi duen ulertzea eta ezagutzea da Zumalakarregi Museoaren proiektuak bilatzen duena. Horretarako, saioetan ikasitako teoria erabiliz, ikasleek migrazio prozesua bizi izan duten pertsonei elkarrizketak egiten dizkiete. Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, “ikasgelako dinamikatik kanpoko proiektu bereziak egiteak ikasleekiko interesa piztu du. Lehen pertsonako esperientziak ezagutzeak gertutasuna transmititzeaz gain, sentsibilizazio ariketa indartsua da”.

Erakusketa lan prozesuaren audiobisual bat, proiektua aurkezten duten hainbat panel eta ikasleek elkarrizketatutako pertsonen pieza ezberdinez osatuta dago. Uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai Zumalakarregi Museoan eta sarrera doakoa izango da.

Zabaldu: