Hibai Etxebarriak irekiko du Aurrera Fest jaialdia

Ostegunean abiatuko da Aurrera Fest jaialdiaren II. edizioa, Bilbon

Uztailaren 1etik 5era bitartean bederatzi ikuskizun izango dira Bilboko Euskalduna jauregian: zazpi kontzertu eta bi antzezlan.

Bilboko Euskalduna jauregia Aurrera Fest jaialdiaren bigarren ediziorako motorrak berotzen hasi da. Programa horren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak bertako kultur sektorea babestearen aldeko apustua egin nahi du Tokiko kultura babestu. Zatoz Aurrera Festera lelopean. Ostegun honetan abiatuko da jaialdia eta uztailaren 5era bitartean bederatzi ikuskizun izango dira: hainbat generotako zazpi musika kontzertu eta bi antzezlan.

Jaialdia ostegun honetan abiatuko da Hibai Etxeberriaren zuzenekoarekin, Goxokiak, izeneko lan berria aurkeztuko du taula gainean. Diskoak pandemia garaian idatzitako abestiak biltzen ditu. Bizkaitarrak eskainiko duen zuzeneko berezi honetan, ahotsek izango dute protagonismo nagusia. Horretarako, Goizargi Gospel Choir taldeko abeslariekin lagunduta igoko da agertokira.

Egun berean, Hitschcock. una historia de suspense antzezlana aurkeztuko da jendaurrean. Hiru pertsonaien arteko triangelu honek pasio eta zoramenera jauzi egingo du emaitza makabroekin.

Uztailaren 5era arte, La Baldosa Flotante, David Luengas, Los Tessee Rocking Boys eta Big Band taldeak edota Kup taldea igoko dira oholtzara.

Jaialdiari amaiera emateko, azken egunean, Soinuak haizean zuzenekoa izango da. Lau musikarik Telemann, Falconieri, Purcell eta Corelli-ren obrak interpretatuko dituzte, hari moduan aktore baten azalpenek kontzertua are interesgarriagoa egingo dute. Aktore honek musika eta garaiko instrumentuei buruzko bitxikeriak azalduko ditu.

Egitaraua eta sarrerak www.euskalduna.eus webgunean daude eskuragarri.

Zabaldu: