Bucraa Circus taldearen 'El gran final clown'

Ostegunean abiatuko da Festikale jaialdia Ondategi-Gopegin

Gorbeialdeako Landa Inguruneko Arteen jaiak hainbat diziplina artistiko ikusleei hurbiltzen jarraitu nahi du aurten ere. Uztailaren 13tik 16ra bitartean izango da.

Festikale Landa Inguruneko Arteen Jaiak hamar urte beteko ditu 2023an, Teatro Panta Rhei Antzerki taldeak 35 urte beteko dituen urte berean, hain zuzen. Antzerki konpainiak azaldu duenez, “edizio honetan Txotxongiloaren arte unibertsalari, horren sortzaile txotxongilolariei, eta batez ere oraingo eta etorkizuneko publikoari egin nahi zaie omenaldia eta zuzeneko musika, zinema, antzerkia, instalazio interaktiboak, txotxongiloak, zirkua eta antzerki musikala bilduko dituen jaialdia izango da”.

Hala, hilaren 13tik 16ra bitartean, Ondategi-Gopegi ospakizun artistiko eta parte-hartze eszenikoen eremu bihurtuko da. Emanaldiak Gopegi eta Ondategiko hainbat gunetan banatuko dira. Egitarauaren zatirik handiena Bengolarra Parkeko txoko natural txikietan gauzatuko da eta gainerako guneak frontoian eta Zigoitiko Kultur Etxeko antzokian izango dira.

Festikale 2014an Euskal Herriko Kale Antzerki Erakusketa gisa sortu zenetik, sorkuntza mota berri, ikusleekiko erlazio mota berri, formatu berri eta artista eta ikusleekiko elkargune berrien topagune izan nahi izan du. “Antzerki programazioak gogoeta eragiten duten gai sakonak jorratuko ditu eta ikusleak benetako bizipenetara eramango ditu. Kaleko jai-, animazio-, musika- eta kolore-eremua izango da”.

Egitaraua

Ostegunean, hilak 13, Climent Ribera aktore eta idazleak eta Nuria Gomez aktoreak osatutako La Swanson konpainia katalanak irekiko du jaialdia La Flor de l’Autopista obrarekin, Zigoitiako Kultur Etxeko antzokian. Ondoren, Korterraza film laburren jaialdiaren goi mailako hautaketaren emanaldia egingo dute Bengolarra parkean.

Ostiralean, berriz, DJ Kaktus ariko da arratsaldeko 18:00etan, Bengolarra parkean, txikienek salto eta dantza egingo dute, lurrean kaktus bat izango balute bezala. Ondoren, Titeres Cachirulo konpainia galiziarrak Cachimovil antzerki gurpilduna taularatuko du eta 19:30ean, Ameztu antzerkiak Organik lana. Zirkozaurre konpainia izango da eguneko azken emanaldia eskainiko duena, Kobr3 zirko garaikide ikuskizunarekin gaueko 21:00etan, Bengolarrako frontoian.

Larunbaterako prestatu duten egitaraua La Gotera de Lazotea txotxongilo konpainiaren La mata de la albahaca lanarekin abiatuko da arratsaldeko 18;00etan, Bengolarra parkean. 19:00etan, berriz, Los Titiriteros de Binefar taldeak Jauja kontzertu eszenikoa taularatuko dute. Ondoren, Bucraa Circus taldekoek El gran final clown ikuskizuna aurkeztuko dute Bengolarran. Egunari amaiera emateko,  21:15ean Teatro Che y Moche konpainiak El funeral publiko guztientzako antzerki eta musika lana eskainiko du Zigoitiko kultur etxean.

Igandea izango da hamargarren edizio honetako azken eguna eta urteurren honi amaiera emateko, blues doinuez gozatu ahal izango da B3 Dixieland taldearen eskutik 13:00etan, Artzegi tabernaren aurrean. Bestalde, jaialdian zehar, txotxongiloen antzerki txikien erakustaldi interaktiboa ikusgai egongo da Zigoitiko kultur etxean, Titeres Cachirulo konpainiak antolatu du Cronopios a escena izenpean.

Egitaraua ikusteko, hemen.

Zabaldu: