2022ko Balkoitik Balkoira (argazkia: Algortako Bertsolari Eskola)

Bertsozale Elkartearen arabera, lagunarteko eta plaza libreko saioek gora egin dute

Pandemia garaian ia desagerturik egon diren saio formatuak beren lekua berreskuratzen hasiak direla nabarmendu du Elkarteak, aldi berean, jaialdien kopuruari eutsiz.

Bertsozale Elkarteak 2022ko lehen seihilekoan bertso plazak emandako datuak bildu ditu eta aurtengo udaberria bertsolarientzat “loraldi sasoia” izan dela adierazi du. “Lehen seihilekoan izandako bertso saio kopurua 2019kora dezente hurbildu da; are gehiago, martxotik maiatzera bitarteko epea aintzat hartuz gero, aurtengo datuak hobeak izan dira kopuruari dagokionez”, zehaztu du.

Kopuruaz harago, lehen seihileko honek beste zantzu on batzuk ere ekarri dituela nabarmendu du. “Pandemia garaian ia desagerturik egon diren lagunarteko eta plaza libreko saioak beren lekua berreskuratzen hasiak dira bertso plazan. Oro har, bi eta hiru bertsolarien artean egiten diren saio motak dira hauek, zalearengandik oso hurbil; otordu bueltan egiten dira lagunartekoak eta herriko plazan edo kalean egin ohi dira librekoak. Pandemia garaian hartutako neurriengatik nekez egin zitezkeen saioak, finean”. 2022ko lehen seihileko honetan, ordea, bertso plaza lehengo itxura hartzen ari dela iradokitzen dute datuek, formatuari dagokionez. Gainera, aldi berean, jaialdi kopuruari ere eutsi zaio.

Horiek ikustera eta entzutera 36.500 zale inguru hurbildu dira plazara.

Lagunarteko eta libreko saioen itzulerak, gainera, ez du eragin handirik izan gizon eta emakume bertsolarien parte-hartzearen orekan. Saio mota hauetan oraindik gizonezkoen parte-hartzea altuagoa bada ere, azken urteotan eman diren aurrerapausoei esker, 2019ko datuetatik urrundu eta azken urteotako norantza parekideari eutsi ahal izan zaio: bertso plazan ari diren %53 dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak.

Zantzu onak badira ere, Bertsozale Elkarteak gainerako tokian tokiko eragileekin bertso plaza sendotzeko, genero ikuspuntutik orekatzeko eta askotariko plaza eskaintzeko lanean jarraituko du.

Hona hemen lau urteotako bilakaera erakusten duen grafikoa, eta horietan, lehen seihilekoetan, izan diren datuak erakusten dituen taula.

Zabaldu: