Olaia Inziarte musikariak ekainaren 1ean eskainiko du kontzertua

Ostegunean abiatuko da ‘Kantu eta Hitza’ euskarazko formatu txikiko kontzertu zikloa Iruñean

Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi bakarlari eta taldeak igoko dira oholtzara aurtengo edizioan.

Bi urteren ondoren, Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa O-ko Andre Mariaren plazara itzuliko da. Aurtengo programazioa musika-estilo desberdinetako talde eta bakarlariz osatuta egongo da: Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi. Emanaldiak maiatzaren 18tik ekainaren 22ra bitarteko ostegunetan izango dira, 20:00etan, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte arte. Euria egingo balu kontzertuak Deskalzos kaleko Erradoien Txokora lekualdatuko lituzkete.

Rafa Ruedak emango dio hasiera zikloari ostegunean, maiatzak 18, eta euskal musikan egin duen bi hamarkadatik gorako ibilbideko kantuak berreskuratuko ditu bere azken lana aurkezteko baliatuko duen kontzertu batean. Rueda izenburu lank berriak eta bertan gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartzen ditu Joseba Sarrionandiaren, Elena Olaveren, Iñigo Astizen, Mari Luz Estebanen, Audre Lorderen, Inge Müllerren eta Josu Goikoetxearen poemekin.

Maiatzaren 25ean Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako Lumi taldeak iaz argitaratutako Bezperen dirdira diskoaren abestiak joko dituzte. Ziburu eta Donibane Lohizuneko bi musikari hauek folka eta musika elektronikoa uztartu dituzte azken lan honetan.

Zikloak ekainaren 1ean izango du jarraipena Olaia Inziartearen zuzenekoarekin. Musikari nafarrak Lehengo Lepotikan Burua bere lehenengo diskoa aurkeztuko du kontzertu akustikoan. Lan honetan sonoritate tradizionalenek eta abangoardistenek bat egiten dute. Bere konposizioetan pop iluna aurki badaiteke ere, Nafarroako kantutegi tradizionalari etengabe egiten dizkio keinuak. Musikari gisa Iker Laurobarekin, Joseba Tapiarekin eta Chica Sobresaltorekin lan egiteaz gain, Pleura taldeko abeslari ere izan da.

Ekainaren 8an Sara Azurzaren txanda helduko da. Aurten Hemen berriro diskoa kaleratu du eta abeslari eta konpositore gisa aritu da ontzerako orduan. Bizitzaren ziklo emozionalari buruzko eta hainbat emozio eta sentimendu islatzen dituzten bederatzi abesti biltzen ditu lanak, hainbat estilo konbinatzen dituzten melodia batzuen gainean bidaiatzen dutenak, hala nola popa, soula, funkya eta elektronika.

Ekainaren 15ean Nahiak Nahi taldea igoko da oholtzara. Erori behar haina da bere azken lana, arreta, xehetasun eta maitasun handiz landutako lau abestiz osatutako EP bat. Erori behar haina, Eman sua, Gora! eta Hego berriak abestiek osatzen dute lana, eta kantek, batez ere, zoritxarrari aurre egiteko asmoa aldarrikatzen dute.

Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioa Balerdi Balerdi eskarmentu handiko talde nafarrak itxiko du ekainaren 22an. Udaberri alua eta Azken kanta kantak biltzen dituen biniloa aurkeztuko dute. Lana formatu digitalean egindako beste bi abestirekin osatzen da: Gurpilen antzera eta Bizi bedi rock’n’rolla. Taldearen ibilbide luzean ezaugarri izan diren folk, rythm-and-blues eta country kutsuak dituen power-pop estiloari eutsi diote abesti berri hauetan, eta letrek ikuspegi berri batetik landu dute denboraren kontzientzia, Galtzen ikasteko metodoa aurreko laneko gai nagusian.

Zabaldu: