(argazkia: Herri Bizia)

Ostiralean abiatuko da Musikaste, Errenterian

Euskal musikaren astea urriaren 23ra arte luzatuko da. Orotara, bederatzi emanaldi antolatu dira Errenteriako bost gunetan, horien artean Lekuona Fabrika.

Eresbil Fundazioa – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak Musikaste jaialdiari jarraipena emango diote hil honetan. Ekimenak euskal musika, obra klasikoak eta garaikoak zabaltzea du helburu. “49. edizioak aurretik markatutako bideari jarraipena emango dio, egungo egileei babesa emateko, gure emakume konpositoreen sorkuntza berriei aipamen berezia eginez”, azaldu du antolakuntzak.

Euskal musikaren aste hau ostiralean hasi eta urriaren 23ra arte luzatuko da. Orotara, bederatzi emanaldi antolatu dira Errenteriako bost gunetan.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak nabarmendu duenez, Musikastek aukera ematen dio herriari astebetez euskal musikaren hiriburu izateko eta berritasun bati egin dio erreferentzia, aurten Lekuona Musikasteren sedeetako bat izateari, hain zuzen ere.

Egitarau zabala

Ostiralean, hilak 15, bi hitzordu izango dira ordu berean. Naroa Intxausti sopranoak eta German Ormazabal pianistak Lied kontzertua eskainiko dute. “Euren errepertorioan nabarmentzekoak dira Emilio Arrieta (1821-1894) eta Pedro Guetary (1866-1921) konpositoreak, Musikasteren edizio honek bere mendeurrena ospatzen duelarik”, adierazi du antolakuntzak. Bigarren emanaldian Alain Maya dantzaria, Gorka Hermosa akordeoi-jotzailea eta Garikoitz Mendizabal txistularia izango dira protagonistak.

Hurrengo egunean Sarasate bikoak lekukoa hartuko du ganbara kontzertu bat eskaintzeko. Jonathan Mesonero biolin-jotzaileak eta Mercedes Medina piano-jotzaileak Enrique Fernandez, Cesar Figuerido, Pablo Sorozabal eta Isabel Garmendiaren obrak interpretatuko dituzte, Pablo Sarasateren konposizioekin amaitzeko.

Lehen aste hau beste bi emanaldirekin amaituko da igandean. Aurrenekoan, Andra Mari abesbatzak Junkal Guerreroren Arimen Besarkadan eta Requiem Meza eskainiko ditu. Kontzertu hau pandemiaren biktimen omenez izango da. Egunak aurrera jarraituko du Errenteriako Udal Txistulari Elkarteak eta EMKE Bandak batera emango duten kontzertuarekin.

Musikastek asteazkenean, hilak 20, izango du jarraipena. Egun honetan emakumea izango da protagonista. Jone Martinez sopranoak eta Iker Sanchezek zuzendutako Bilbao Sinfoniettak Asier Lopez Iraolaren El segunda sexo lana estreinatuko dute, Simone Beauvoirren izenburu bereko obran oinarritutako monodrama filosofikoa. Kontzertuaren aurretik, mahainguru bat egingo da, obraren egokitzapenari buruz hitz egiteko.

Hurrengo egunean, Angel Unzu gitarristak, Andrej Olejniczak saxofoi-jotzaile eta klarinete-jotzaileak, Gonzalo Tejada baxu-jotzaile elektrikoak eta Juan Manuel Urriza bateria-jotzaileak euren azken diskoa aurkeztuko dute, Orain izenekoa.

Ostiralean, hilak 22, hitzordu berezi bat izango da, izan ere, Abesbatzen eguna Lekuona Fabrikan ospatuko da, Errenterian kultur jarduerak bultzatzeko gune berrian. Andra Mari, Landarbaso, Eragiyok eta Donosti Ereski Kultur Elkarteko ahotsek, besteak beste, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Ken Zazpi taldearen obrak eta moldaketak osatutako errepertorioa eskainiko dute.

Hilaren 23an, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, Ruben Gimenok zuzenduta, amaiera emango dio aurtengo edizioari. Horretarako, Jose Luis Marco, Beatriz Arzamendi, Beltran Pagola eta Juan Crisostomo Arriagaren lanak eskainiko ditu.

Emanaldietara sarrerak salgai daude jada Eresbil Fundazioaren egoitzan, Lekuona Fabrikaren leihatilan, eresbil.eus webgunearen bidez eta kontzertuak hasi eta ordu bat lehenago bertako leihatiletan. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta bost euroko prezioa izango dute, bi kontzertuk izan ezik.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: