(argazkia: Ainhoa Resano)

Iñaki Ziarrusta: “Gustatuko litzaidake publikoak ulertzea dena ez dela zuria edo beltza eta kolore gama handi bat dagoela”

Atx Teatroak Lubaki lainotsua antzezlana estreinatuko du ostiralean, urriak 15, Azpeitiko Antzerki Topaketetan.

Bilboko antzerki taldeak drama eta umorea uztartuko ditu pil-pilean dagoen belaunaldien arteko talkaren inguruan hitz egiteko. Taula gainean Javier Barandiaran, Maren Basterretxea eta Miriam Martxante ikusiko ditugu. Iñaki Ziarrusta antzerkigileak zuzendu du obra. “Atx Teatroak bere 10. urteurrenean bere 10. proiektua sortu du betiko parametroak eta 10 urte hauetan bereizten gaituen zigilu propioa defendatzen: euskarazko sorkuntza, gure gizartearen gertuko tematika, ogibide honen duintasuna, erraietara zuzendutako antzerkia. Laburbilduz, euskal teatroa, euskal herritarrentzat, Euskal Herrian, ez gehiago, ezta gutxiagorik ere”.

Antzezlana Soreasu antzokian taularatuko dute, arratsaldeko 19:00etan.

Sinopsia: “Izen gabeko gerraren lubaki batean, soldadu beterano bat dago, bakar bakarrik, beste sasoi bateko gerlaria; baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina zorrotza. Aspaldian ez dago batailarik, ezta etsairik ere,….badirudi dena bare-bare dagoela. Irla bateko naufrago baten antzera, espazioan eta denboran gatibu.

Bat-batean, zorioneko (edo zoritxarreko) egun batean, soldaduaren mundua hankaz gora jarriko duen gutuna ailegatzen zaio postari gazte baten eskutik. Gutun horrek bakoitzaren onena eta txarrena azaleratuko ditu, maitasuna, heriotza, beldurrak, gupida, gorrotoa, frustrazioak…

Belaunaldien arteko talka. Zahar eta berriaren arteko komunikazioa, norberaren bizitza balioan jartzea, trantsizio naturalaren aurkako eta aldeko argudioak…..Tira! Bizitza bera, muzturretatik kontatuta”.

Zabaldu: