Argazkiak: Jorge Oteiza Fundazio Museoa
Bi argitalpen eta erakusketa bat, besteak beste, biltzen dituen Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 izeneko programa aurkeztu dute gaur Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek.
Orioko eskultoreak orain dela 50 urte, 1969ko ekainetik urrira bitartean, kokatu zituen bere lekuan santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak. Hauek hamalau urtez bukatu gabe eta bide ertzean botata egon ziren, 1954an Donostiako gotzain Jaime Font Andreuk Oteiza egiten ari zen lana geldiaraztea agindu baitzuen.
Eskultorearentzat bizitzako proiekturik garrantzitsuena izan zen Arantzazukoa eta aurkezpenean azaldu dutenez, ezinbesteko erreferentzia da herrialdearen eta bertako kulturaren historian. XX. mendean arte erlijiosoak izandako berrikuntzaren ikur bilakatu da basilika azken urte hauetan. Izan ere, artista garaikide talde handia bildu zuen, proiektu komuna gauzatzeko ahaleginean.
Gaur aurkeztutako programak Arantzazuko proiektu horren alde artistiko eta kulturalaren garrantzia aztertzea eta zabaltzea du helburu.
Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa da programak jasotzen duen ekitaldietako bat eta azaldu dutenez, bi espaziotan garatuko da; alde batetik ekainaren 19tik urriaren 27ra arte Oteiza Museoan ikusgai egongo den zatia. Honek igeltsuzko ehundik gora eskultura-estudio baino gehiago erakutsiko ditu; obra ikusi gabeak dira gehienak, Oteizaren legatukoak. Erakusketaren bigarren zatia, berriz, Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan egongo da, Gandiaga Topagunean, ekainaren 28tik urriaren 27ra bitartean.
Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa oinarri bezala hartuta, proiektuaren gakoak azalduko dira, 50 eskultura ingururen bitartez eta Arantzazuko Santutegiko Artxiboko eta Oteiza Museoko Ikerkuntza Zentroko dokumentazio, argazki, prentsa eta ikus-entzunezko ugariren bidez.
Erakusketaz gain, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 monografia eta Oteiza Arantzazun argitalpenak izango dira. Aurrenekoak euskaraz eta gaztelaniaz ikusiko du argia eta Oteizaren eskultura-proiektuaren bilakaera jasoko ditu, fatxadaren behin betiko itxuran zerikusia izan zuten eragile eta zertzelada guztiekin batera. Horren oinarrian Elena Martinek izen bereko doktore tesirako egindako ikerkuntza dago. Argitalpenak 600 orrialde inguru izango ditu, eta Arantzazuko proiektuari buruzko 400 irudi baino gehiago.
Bigarren argitalpenak berriz, aldizkari formatuarekin kaleratuko da, proiektuaren bilakaera modu dibulgatzaile eta ikusgarriago batean azalduta.
Gandiaga Topaguneak, irailaren 21ean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia hartuko du, mahai inguru baten bidez. Arantzazuren garrantzia aztertuko dute, bere testuinguruan. Jardunaldia amaitzeko, argitalpenak aurkeztu eta bisita gidatuak izango dira.