Landako gunea abenduan, Durangoko Azoka (argazkia: Kultur Sharea)

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik ‘Oihu bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute

Martxoaren 21ean izango da hitzordua Durangoko landako gunean. Ekimen honetatik lortutako irabazi guztiak Palestinaren aldeko borroka sustengatzera eta Euskal Herrian jasandako errepresio ekonomiko zein judiziala arintzera bideratuko dira.

Oihu bat Palestinara! Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da. Datorren martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean elkartuko dira, musika eta aldarrikapena uztartuz, Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzeko asmoz.

Ibil Bedi, J Martina, Anari, La Furia, Olatz Salvador, Ødei, Borla, Belako, Lukiek eta Eire, besteak beste, izango dira oholtzara igoko diren talde eta bakarlarietako batzuk. “Ekimen honen bitartez gure musika Palestinar Erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko erabili nahiko genuke, mezu hau isiltzen saiatzen ari diren une honetan”, adierazi dute musikariek. Horretaz gain, bertsolariak, dantzak eta bakarrizketak ere izango dira jaialdian.

Isiltasun mediatikoa apurtzeko ekimena

Azaldu dutenez, “komunikabide handiek fokua kendu duten arren, genozidioak, blokeoak eta lurren okupazioak ez dute etenik izan”.

Plataformak adierazi duenez, “Israelek ez du su-etenik errespetatzen eta palestinar herriaren aurkako garbiketa etnikoa aurrera doa mendebaldeko gobernuen onespenarekin. Egoera honen aurrean isiltasun mediatikoa apurtzea ezinbestekoa da herri palestinarraren erresistentziari babesa adierazteko, baina baita elkartasun hori adierazteagatik Euskal Herrian pairatzen ari garen errepresioari erantzuteko ere”.

Azken hilabeteetan, Palestinaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeagatik isunak eta prozesu judizialak biderkatu direla nabarmendu dute, “La Vueltaren edo Zinemaldiaren harira ikusi dugun moduan. Hori dela eta, ekimen honetatik lortutako irabazi guztiak Palestinaren aldeko borroka sustengatzera eta hemen jasandako errepresio ekonomiko zein judiziala arintzera bideratuko dira, sionismoaren eta bere konplizeen aurkako borrokan tinko jarraitu ahal izateko”.

Era autogestionatuan antolatzen ari dira ekimena. Sarrerak urtarrilaren 28tik aurrera egongo dira salgai, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna