Baztan Arte-Kale Kolektiboak Bilboko Alde Zaharreko hainbat saltokirekin batera kristal hautsiez osatutako erakusketa sortu du.
“Hautsiak. Hautsiak gaude. Palestinan gertatzen ari denak sakonean hausten gaitu. Palestinako umeek, Palestinako amek, Palestinako lurrek. Palestinaren minak hausten gaitu. Baina min honek badu arduraduna, Israel Estatua. Ukazioa, arrazakeria, inposaketa, faxismoa… sionismoak sortzen du une honetan hausten gaituen mina; Palestina hausten duen genozidioak sortzen du”. Min honetatik jaio da Hautsiak erakusketa Bilbon. Baztan Arte-Kale Kolektiboak sortu duen kristal hautsiez osatutako erakusketa. Bertako kideek adierazi dutenez, “sionismoaren eskuek Palestinako etxeen kristalak gorrotoz apurtzen dituzte. Gure eskuek, aldiz, maitasunez apurtzen dituzte kristalak palestinarren aurpegiak Bilboko kaleetara ekartzeko”.
Antolatzaileek diotenez, “erakusketa honek gure egunerokotasuna astintzea du helburu: palestinarrek arropak eskonbro artean uzten dituzte bitartean, gureak erostera joaten garenean, palestinarrek kutsatutako ura edan behar dutenean, guk poteak hartzen ditugunean; Gazan ez duten komunikazio tresnak kontratatzera joaten garenean; zauriek palestinarren gorputzak betirako markatzen dituzten bitartean, gure azala tatuatzera joaten garenean… Finean, gure bizitzak bizi ditugun bitartean, Israelek egunero hiltzen dituela ez ahazteko”.
Bilboko Alde Zaharreko hainbat erakusleihotan ikusgai daude irudiak, erakusketa egileekin batera auzoko dendariek ere egiten dutela adierazteko. “Gure artea kaleetan eta gure auzokideen artean besterik ezin delako bizi. Artea eta elkartasuna, artea eta salaketa Bilboko Alde Zaharrean”, nabarmendu dute.
Erakusketa martxoaren 22ra arte egongo da Bilbon.