Pantxoak eta Peiok azken bira iragarri dute Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan

Bikoarentzat garrantzia sinboliko berezia duten zenbait kantaldi hautatu dira, “leku eta garai haietara itzultzeko”. Hala, Santutxun, Iruñean, Lesakan, Bergaran eta Baionan izango dira 2026an. Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai.

Azken hilabeteetan jasotako maitasunari erantzuteko bira iragarri dute Peiok eta Pantxoak. Horretarako, berrogei urtetik gorako ibilbidetik gogoan iltzatuta dituzten zenbait kantaldi hautatu dituzte, bikotearentzat garrantzia sinboliko berezia dutenak, “leku eta garai haietara itzultzeko” asmoz.

Izan ere, garaian, urtero ehunka kantaldi eskaini zituen bikoteak Euskal Herri osoan barna. Milaka lagun, milaka bizipen, milaka kilometro. 2027ko urtarrilean eskainiko dituzten azken bi kantaldien aurretik, berrogei urtetik gorako ibilbidetik gogoan iltzatuta dituzten zenbait hautatu dituzte, bikotearentzat garrantzia sinboliko berezia dutenak, azken bira hau antolatzeko.

1971an, Franco diktadorea oraindik bizirik zela, lehen kantaldia eskaini zuten hegoaldean, Bergaran. Iparraldean 200 bat jenderen aurrean kantatzen ohituta zeudelarik, 2.000 lagunen aurrean jo behar izan zuten, harriturik bezain hunkiturik.

Lesakan eman zuten kantaldia ere beste arrazoi batzuengatik dute gogoan iltzatuta: gaualdi hartan, Guardia Zibilak atxilotu egin zituen eta kuartelean atxiki zituzten biharamunera arte.

Santutxutik gogoangarria zaie zenbat auzotarrek hartu zuten parte kantaldiaren antolaketan, baita plaza mukuru bete zela ere, txiki geratzeraino.

Iruñea ere ezinbesteko geldialdia izango da. Euskal Herriko Hiri buruzagiak oroitzapen bereziak gordetzen ditu bikotearentzat, eta hori argi erakutsi nahi dute Baluarterako prestatzen ari diren ikuskizunean.

Baionan, etxetik gertu, Lauga aretoan ikusi ahal izango ditugu. Iparraldeko hiri jendetsuenean ezagutu zituzten beren ibilbideari estuki loturik dauden horrenbeste lagun.

Hori da bereziki gogoratzen dutena: jendea. Debeku eta oztopoen gainetik, biziki arriskutsua zela jakinik ere, kantaldiak antolatu zituztenei, euren musika zabaldu zuten irratiei, eta haien ibilbidearen parte izan zirenei esker ona adierazteko profitatu nahi dute azken bira hau, baita belaunaldi berrietako zaleekin ia 60 urte beteko dituzten kantak abesteko ere.

Musikariak ere ez dituzte ausaz hautatu. 1948an jaio ziren Pantxoa eta Peiorekin batera, 2003an jaiotako Danae Riaño igoko da oholtzara eta tarteko belaunaldietakoak diren Mixel Ducau, Iñaki Dieguez, Gorka Pastor eta Josu Erviti izango dituzte taldekide, mimo eta sentsibilitate handiz eraikitzen ari diren bira honetan.

Kantaldi hauekin nabarmendu nahi da euskarazko musikagintzaren transmisiorako ezinbestekoa dela zaleen, sortzaileen eta antolatzaileen arteko elkarlana.

Kantaldiak eta sarrerak

Santutxun izango da lehen kantaldia maiatzaren 9an; Iruñean maiatzaren 24an; Lesakan irailaren 5ean; Bergaran irailaren 16an; eta Baionan abenduaren 11n.  2027an, berriz, urtarrilaren 9an eta 10ean Barakaldon. Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai goizeko 11:00etan. Informazio guztia pantxoaetapeio.eus atarian izango da eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna