Paolo Giordanoren ‘Kutsaldian’ liburua euskaratu dute Fernando Reyk eta Xabier Olarrak

Giordanok pandemiari buruzko hausnarketak idatzi zituen otsailaren 29tik martxoaren 6ra bitartean eta, orain, eskuartean dugun liburuan bildu ditu.

Nahaste eta konfinamendu aste hauei buruz argitaratutako lehen literatur lana dugu Paolo Giordano (Turin, 1982) idazleak idatzitako Kutsaldian. Fernando Reyk eta Xabier Olarra itzultzaileek ekarri dute euskarara Erein argitaletxearen eskutik. Diotenez, “ezohiko liburu bat da, ezohiko une batean”.

Giordanok pandemiari buruzko hausnarketak idatzi zituen otsailaren 29tik martxoaren 6ra bitartean eta, orain, Kutsaldian liburuan bildu ditu. Testuotan ziurgabetasun une honetan zientziak duen garrantzia nabarmendu zuen eta Gobernuen erantzuna kritikatu zuen.

Koronabirusaren pandemia gure garaiko osasun-larrialdirik garrantzitsuena bihurtzeko bidean dela kontatzen du egileak liburuan. “Bizi garen mundua izugarri konplexua dela erakusten digu, baita haren dinamika sozial eta politikoak ere, pertsonen arteko harremanak eta alderdi psikikoak barne. Pasatzen ari garen hau identitate eta kultura guztietatik haratago doa. ‘Kutsaldia’ ageriko adierazgarria da, gure mundua noraino bihurtzen den globala ikusarazten digu, interkonektatua dagoela, oso korapilatsua dela. ‘Kutsaldi’ garaietan elkartasun-falta irudimen-falta da beste ezer baino gehiago”.

Paolo Giordano Turinen jaio zen 1982an. Fisikako doktorea da eta lau nobela idatzi ditu: Zenbaki lehenen bakardadea (Alberdania, 2009, Strega eta Campiello Opera Prima sariak), Il corpo umano (Mondadori 2012), Il nero e l’argento (Einaudi 2014 eta 2017) eta Divorare il cielo (Einaudi 2018 eta 2019). Giordanok Galois e Fine pena: ora antzezlana ere ondu du eta Corriere della Sera-n ere idazten du.

Zabaldu: