Sarako Idazleen Biltzarra irailaren 6an eta 7an izango dela iragarri dute

Antolakuntzak apirileko egitarauari ahal den neurrian eusten saiatuko dela nabarmendu du.

“Osasun-baldintzak onak izanen direlarik, berriz antolatuko dugu”, adierazi zuen Jean Michel Garat lehendakariak pasa den martxoan argitaratutako ohar labur batean. Gaur berriz, data berria iragarri du: Irailaren 6a eta 7a.

37. Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 13an eta 14an egitekoa zen. Bertan, 110 idazlek parte hartu behar zuten eta hainbat aurkezpen aurreikusiak zituzten. Horretaz gain, Biltzarreko sariak Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoiri eman behar zizkieten.

Profesionalen egunean, bestalde, mintzaldiez gain, Euskal idazle eta emazte Ipar Euskal Herrian, zein bizipen? gaiaren inguruan mahai-ingurua egitekoa zuten Maialen Hegi-Luku, Marikita Tambourin, Maddi Ane Txoperena eta Maddi Zubeldiaren eskutik.

Antolakuntzak xehetasun gehiago emango ditu aurrerago, baina apirileko egitarauari ahal den neurrian eusten saiatuko dela nabarmendu du.

Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatuta, Pazko astelehenean, jai eguna, izaten da urtero Sarako Idazleen Biltzarra. Lapurdiko herria euskal idazleen, irakurleen eta, oro har, kulturzaleen elkarretaratze gune bilakatzen da. Bereziki Ipar Euskal Herrian hondarreko urtean atera diren liburu eta diskoak biltzen ditu azoka honek.

Biltzarra 1984an egin zuten aurrenekoz, Pazko astelehenean. Omordiako geletan ospatzen hasi zen, baina 1993tik aurrera herriko kiroldegian burutzen da. Ekimenak hastapenetik helburu bera izan du: egun berean, toki batean, Euskal Herrian bizi edo honetaz ari diren idazleen biltzea, euskaldunak izan ala ez.

Zabaldu: