Pasaiako Dantza Festibala urriaren 1etik 4ra bitarte egingo da

Jaialdia Amaia Elizaran dantzariaren Pool izeneko ikuskizunarekin abiatuko da Pasai Antxoko Ibaiondo frontoian, arratsaldeko 19:00etan.

Covid-19ak sortutako osasun larrialdia dela-eta, ekainaren 11tik 14ra bitartean egitekoa zen Pasaiako Dantza Festibalaren bigarren edizioa atzeratu behar izan zuten, orain baina, jaialdia egiteko data berria iragarri dute: urriaren 1etik 4ra bitartean.

Antolatzaileen esanetan, iaz abian jarritako Pasaiako Dantza Festibala “kulturarekiko apustu sendoa da Pasaiarentzat”. Azaldu dutenez, lehenengo edizio horrek “ikusle asko erakarri zituen euskal konpainia profesionalen eta herriko eragileen arteko egitarau erakargarri batekin”.

Bizitzen ari garen egoeraren ondorioz herritarren bizitzen normalizazio erlatiboa kontuan izanik, eta baita dantza eta kale arteak ere jasaten ari diren krisi larriari erreparatuz, jaialdia osasun neurri guztiak ziurtatuz ospatuko dutela iragarri dute. “Ez da lehen edizioaren egitarau oparoa ez eta parte-hartze berarekin izango, baina, herritarrek dantzaz modu seguruan gozatzeko aukera bermatuko dugu. Elkarren beharra dugulako, kaleak artez betetzera itzuliko gara”, adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdia urriaren 1ean abiatuko da Amaia Elizaranen Pool izeneko ikuskizunarekin. Elizaran Xabier Zeberio musikariarekin batera igoko da oholtzara Pasai Antxoko Ibaiondo frontoian, arratsaldeko 19:00etan.

Egitarauaren informazioa webgunean jarri dute eskuragarri. Sarrerak doakoak izango dira, baina aldez aurretik erreserba egin beharko da webgunean bertan.

Zabaldu: