(argazkia: Elkar)

Patxi Zubizarretak irabazi du Augustin Zubikarai saria

Zubizarretak urtebete izango du Gau otsoa izeneko proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxearekin kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du.

Patxi Zubizarretak irabazi du Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera, urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Guztira, zortzi proiektu aurkeztu dira lehiaketara eta Zubizarretak aurkeztutako proiektua saritzea erabaki du Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.

Gau otsoa du behin-behineko izenburua Zubizarretaren proiektuak, eta insomnioa izango du ardatz, gure gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen  erretratua egiteko balio duen sintoma. Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du Adelak, lan egiten duen aldizkariarentzat, eta horixe izango da eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena. “Geure buruari eta munduari begirada zorrotz bezain originala da, idazkera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia”. nabarmendu du epaimahaiak.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen Ordizian, eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazletzari guztiz emana. Obra ugari sortu ditu, helduentzat, baina batez ere haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikuskizun eta errezitaldiak.

Saria urriaren 27an arratsaldeko 18:00etan emango diote, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza: Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako Euskalia eleberria.

 

Zabaldu: