(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

‘Zinemagileen elkarrizketa’ ikastaroaren bigarren edizioan aurkeztu dute

Esti Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernandez Iriarteren elkarrizketa izango da zikloa irekiko duena azaroaren 3an. Azkena, berriz, maiatzaren amaieran izango da Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileen eskutik.

Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Zinemagileen elkarrizketa ikastaroaren bigarren edizioa egingo da Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Zinema-ikasleei eta zinemazaleei zuzenduta dago, eta zinemako profesionalek emango dute. Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu da. Ikastaroak bederatzi saio izango ditu, denak ere publiko guztiei irekiak (zinemazaleak nahiz zinema-ikasleak), eta Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernandez Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua, Carlota Pereda, Alberto Rodriguez, Belen Funes, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak. Bigarren edizio honek aurrekoak baino lau saio gehiago izango ditu eta azarotik aurrera egingo dira. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Ekimenak interes handia piztu du; izan ere, aurreko edizioan amaitu egin ziren plazak, bai aurrez aurre bai online, eta, gainera, elkarrizketak parte hartzekoak dira, publikoak eta zinemagileek elkarrekin hitz egiteko aukera baitute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “ikastaro honek film bat produzitu eta egiteko prozesuan ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gakoak eman nahi dizkie zinemazaleei. Zinemagileen elkarrizketak sorkuntza zinematografikoaren barruko historiaren berri ematen du elkarrizketa-formatu arin batean. Elkarrizketa guztien ideia nagusia da zinema lanbide kolektibo bat dela. Zinemagile bakoitzarekin batera harekin hainbat arlotan (muntaketa, interpretazioa, gidoia, produkzioa…) kolaboratu ohi duen pertsona bat egongo da, edota beste zinemagile bat, belaunaldi berekoa dena edo abiapuntu edo kezka formal edo tematiko berberak dituena”.

Bada, lehen saioan, azaroaren 3an, Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernandez Iriarte arituko dira elkarrizketan. Urresolak Cuerdas film laburra Cannesen estreinatu zuen eta orain bere lehen film luzea egiten ari da: 20.000 especies de abejas. Gorostidi egoiliarra izan da aurten Ikusmira Berriak programan eta, bertan, bere lehen lana egin du: Anekumen. Fermandez Iriartek, Ikusmira Berriak programatik igaro ondoren, Las letras de Jordi bere lehen film luzea estreinatu du Donostia Zinemaldian eta bere bigarren filma prestatzen ari da.

Azaroaren 22an, Albert Serra Ariadna Ribas eta Artur Tort bere azken lanetako muntatzaileekin arituko da elkarrizketan. Besteak beste, azken Canneseko zinema-jaialdian parte hartu zuen Pacifiction / Tourment sur les îles lanean aritu dira.

Abenduaren 13an Mikel Gurrea zuzendariak eta Laura Rubirolak hartuko dute parte elkarrizketan eta Suro estreinako lana izango dute hizpide.

Urtea hasteko, urtarrilaten 11n, Fernando Franco muntatzaile eta errealizadorearen eta La consagración de la primavera bere azken filmeko protagonista diren Telmo Iruretaren eta Valèria Sorollaren arteko elkarrizketa izango dugu.

Otsailaren 16an Pilar Palomero eta Sofia Escuderen arteko elkarrizketa izango da. Martxoaren 9an, Alauda Ruiz de Azua (Cinco lobitos) eta Carlota Pereda (Cerdita) zuzendariek hartuko dute parte. Apirilaren 13ko saioko protagonistak Alberto Rodriguez zuzendaria eta Rafael Cobos gidoilaria izango dira. Haiena da azken Donostia Zinemaldiaren inaugurazioko filma: Modelo 77. Gidoia egongo da elkarrizketaren erdigunean berriz ere maiatzaren 4an, Belen Funesen eta Marçal Cebrianen saioan.

Bigarren edizioari amaiera emateko, maiatzaren 26an, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek beren lan-eredu kooperatiboa eta plataforma baterako egingo duten beren lehen telesailerako (Balenciaga) lana azalduko dituzte.

Saio guztiak 19:00etan izango dira Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Sarrerak doakoak izango dira, eta irekian emango dira kulturunearen webgunean (http:/kmk.gipuzkoakultura.eus).

Zabaldu: