Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi zuen iaz Aneguriak eta sari horren fruitua da eskuartean dugun Percebe, dana edo ezebez (Baga Biga) izeneko hirugarren diskoa.
Denetara zortzi pieza batzen ditu lanak eta modu dantzagarrian, elektronika, popa, rapa eta reggae ukituak nahasten ditu. Melodiek oinarri erritmiko elektroniko gozoak dituzte, abesteko pop estilora lerrokatu da bilbotarra, baina rapa alde batera utzi gabe.
Ane San Miguel Crespo edo Aneguria aka la Kieta 17 urterekin hasi zen rap musikan sakontzen. Bakarlaria izateaz gain, MC. Lapiko Klika eta La Dolçe Rima taldeetako kide eta Eskina Femenina proiektuaren sortzaileetako bat ere izan da.
2015ean La Basu rap abeslariaren diskoan kolaboratu zuen Trakamatraka abestian. Joan den urtean berriz, Horchata de chufa diskoa argitaratu zuen. Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehiaren 2017ko edizioa irabazi zuen. Aurten Franbuesas y palomitas lana ere kaleratu du, bere bigarrena.
Aneguriaren ibilbide musikala hasi zenetik, ugariak izan dira eman dituen zuzenekoak Euskal herrian eta baita Alemanian, Belgikan, Danimarkan eta Japonian ere, besteak beste.