‘Poesia eta Pentsamendua’ jardunaldiak egingo dituzte ekainaren 12an eta 13an, Donostian eta Hernanin

Txillida Lekun izango da asteleheneko saioa, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Juan Kruz Igerabideren hitzaldia eta Aintzane Galardi eta Jose Fernandez de la Sotaren errezitala izango dira. Musikari dagokionez, Beñat Olano eta Jon Makuso biolin jotzailea arituko dira.

Astelehenean, ekainak 12, abiatuko dira urtero Donostian eta Hernanin antolatzen dituzten Poesia eta Pentsamendua izeneko jardunaldiak. Lehen emanaldi hau Hernaniko Txillida Lekun egingo dute, eta ekainaren 13an, berriz, Victoria Eugenia Club aretoan. 2008an hasi ziren jardunaldi hauek egiten, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren eskutik eta orain arte asko izan dira parte hartu duten poetak.

Hala, 18:00etan hasiko da asteleheneko emanaldia. Juan Kruz Igerabideren hitzaldiarekin. Ondoren, Aintzane Galardi eta Jose Fernandez de la Sotaren errezitala izango da. Musikari dagokionez, Beñat Olano eta Jon Makuso biolin jotzailea arituko dira. Sarrerak doakoak izango dira.

Victoria Eugenia antzokiko emanaldia ere 19:00etan hasiko da, hurrengo egunean, ekainak 13, Julen Apella, Nerea Arrien, Lierni Azkargorta, Martin Etxeberria, Juan Ramon Madariaga eta Mario Obrero poeta eta idazleek errezitaldia eskainiko dute. Musikari dagokionez, Jon Makuso biolin jotzailea arituko da honetan ere. Gonbidapenak ekainaren 9tik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren  webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan goizeko 11:30etik aurrera.

Jardunaldi hauen kartelari dagokionez, Imanol Larrinaga margolari durangarrak sortu du.

Zabaldu: