Fito Rodriguez eta Miren Agur Meabe aurtengo Poesia Orduak ekimenean

Irailean urtero egin ohi duten bezala, Poesia Orduak ekimena antolatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak Victoria Eugenia Club aretoan. Bi saio izango dira irailaren 7an eta 9an, arratsaldeko 19:30ean.

Hilaren 7a izango da Poesia Orduak ekimenaren lehenengo eguna, Fito Rodriguez idazlearen Hain zara eder liburuaren errezital musikatuarekin. Rodriguezekin batera, Andoni Tolosa Morau, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hernandez dira errezitatzaile taldea osatzen dutenak. Emanaldian parte hartuko duten musikariak berriz, Xalba Ramirez, Unai Pelaio Pelax, Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi dira.

Irailaren 9an Miren Agur Meaberen txanda izango da. Lekeitioko idazleak Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe poema liburu berriaren ikus-entzunezko errezitala eskainiko du. Bertan Meabek berak irakurriko ditu poema hauetako batzuk. Idazleaz gain, Iban Urizar Amorante musikariak eta Aitor Gametxo zinemagileak ere errezitalean parte hartuko dute, Eneritz Artetxeren zuzendaritzapean. Hiru diziplina hauek, hitzak, irudiak eta musikak, bat egingo dute oholtzan ikuskizunaren muina hauen arteko elkarrizketa izango delarik. Antolatzaileen arabera, “izenburu alegoriko bezain ironikoa duen ekitaldi honen oinarria Meabek azken urteotan idatzitako poemak dira. Batetik, egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: hitzaren balioa, kode berrien premia norberaren burua berresteko, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota sormena ahalduntze-bide gisa.

Bestetik, zenbait emakume esanguratsu izango ditu solaskide, batzuetan elkarrizketan, besteetan alter egotzat hartuta, hala nola Mary Shelley, Marguerite Yourcenar, Ellen Ripley tenientea, Wendy, Mahatsaren Andre Maria edota Brontë ahizpak. Guztien artean, katalogo bat osatzen dute bakardadeari eta minari buruzko gogoeta egiteko”.

Bi emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira aretoa bete arte eta gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Covid-19aren ondoriozko higiene eta babes neurri zorrotzak beteko dira eta aretoaren edukiera 70 lagunentzat izango da.

Zabaldu: