Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astearen bigarren edizioa, martxoaren 20tik 25era izango da Donostiako hainbat gune eta kultur etxetan.
Olerkia, orokorrean, beste generoekin alderatuta, arreta gutxien bereganatzen duen literatur generoa dela kontutan hartuta, aste honek balioa eman nahi dio eta jendearengana hurbildu nahi du. Horretarako, olerki joerak ezagutzeko aukera, eta eztabaidak eta elkarrizketak izango dira sei egunez.
Jardunaldien lehenengo eguna beraz, martxoaren 20a izango da. 19:00etatik aurrera, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bigarren sari banaketa egingo dute. Sari honen deialdia iazko irailean aurkeztu zen eta 35 urte baino gutxiagoko idazleei zuzenduta dago.
Poesiaren Nazioarteko Eguarekin bat eginez, martxoaren 21erako bi ekimen antolatu dituzte: Lehenengoa Olerkiaren Txokoa errezitaldia izango da Musikeneko musikari gazteekin batera. Intxaurrondoko Liburutegian izango da emanaldia, 18:00etatik aurrera.
Bigarren ekimena Victoria Eugenia Club Aretoan izango da, 19:00etan. Bertan, Adam Zagajewski olerkari poloniarra solasean arituko da Ramón Andrés iruindar olerkari eta saiogilearekin.
Martxoaren 22an, Poesialdiak beste bi hitzordu izango ditu, biak 19:00etan. Lehenengoa Egia Kultur Etxeko Liburutegian egingo dute Jorge Pascual olerkari gaztearen errezitaldiarekin, Las olas no tienen quien les escriba lanarekin. Jorge González gitarra jotzailea izango du lagun emanaldian.
Bestalde, Idurre Eskisabel idazleak Goseak janak bere azken liburuko poemekin errezitala eskainiko du D’Capricho bikoteko Dana abeslariarekin batera, San Jeronimo Aretoan.
Txikienei poesia hurbiltzeko asmoz bestalde, hilaren 23an, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan, Itziar Zubizarretak eta Taun Taun taldeak Lau Haizetara lana aurkeztuko dute, goizeko 11:00etan. Parte hartzeko ikuskizuna izango da eta hainbat diziplina artistiko biltzen ditu: ipuina, olerkia, musika eta antzerkia.
Asteari amaiera emateko, hilaren 25ean, 19:00etan EHUko unibertsitateko campusean olerki emanaldi bat izango da gauean. Campus Poétique honek Gipuzkoako campuseko langileak bilduko ditu, jatorriz frantsesez idatzi den poesia bat gaztelaniaz eta euskaraz irakurtzeko, Maddi Zubeldia idazle eta abeslariarekin arituko dira.
Informazio gehiago hemen.