Irailaren 15era arte egongo da proiektu berriak aurkezteko aukera.
Donostia Kulturak poltsiko antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko hamalaugarren proiektu deialdia antolatu du. Irailaren 15era arte eman dute proiektu berriak aurkezteko epea.
Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izaten dela adierazi dute antolatzaileek. Hala, “askotan Poltsiko Antzerkiko programatzaileek arazoak izan ohi dituzte euskarazko obrak programatzeko”. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen helburu nagusia.
Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Kultur etxeen ataletik, oinarrizko eta gertutasunezko kulturaren bideratzaile diren aldetik, argi dute, badutela zer ikusi eta zer egin formatu txikiko sorkuntzen sustapenean. Hala, ekimen hau sorkuntzaren eremuan egingo den lanaren hastapena izatea espero dute, aurrerantzean kulturaren beste arlo eta diziplinetara hedatu ahal izateko. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da ekimenaren bigarren helburua.
2011n abiatu zen lehen aldiz modu esperimentalean proiektu deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkar trukearen ondotik. Aurreko hamaika deialdietan 81etik gora izan dira aurkeztutako Poltsiko Antzerki proiektuak.
Kontuan hartzekoa da era berean, aurrekoetan bezala, orain aurkezten dugun hamalaugarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soilik, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, deialdi honetan landutako obren estreinaldia egingo da hurrengo Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko auzoetako hainbat tabernatan.
Ekimen Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera landutako proiektua da.
Oinarriak, eskabidea eta gainerako informazioa: Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza.