(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Prestakuntzako programa bat eta entseatzeko espazioak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoaren berritasun nagusiak

Aurtengo edizioan hamar izango dira parte hartuko duten artistak, horietako zortzik musika atalean: Amaterra, Bamms, Ithaka, Muzak, Nakar, Olana Liss, Ramada Inn eta Siglas. Barrexerkak eta Iago Magoak, berriz, arte eszenikoetan hartuko dute parte.

Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak aurkeztu ditu gaur goizean Katapulta Tour Gipuzkoa programaren VIII. edizioaren berritasunak. Ekimenaren asmoa da Gipuzkoako talentuak, gazteetan arreta berezia jarrita, balioan jartzea eta sustatzea eta laguntzea Gipuzkoako eszena dinamizatzen, klubak eta antolatzaileak babestuz. Gainera, zortzigarren edizio honetan, zirkuitua programa bihurtuko da eta ohiko kontzertuez gain, prestakuntzako programa bat egongo da eta entseatzeko espazioak erabilgarri izango dituzte hautatutako proposamenek. Bestalde, aurten, Kutxa Fundazioko Kluba aretoa ere espazio eszenikoen artean izango da.

Palenciak azpimarratu du garrantzitsuak direla horrelako ekimenak lurraldeko artistak sustatzeko eta laguntzeko beren musika eta arte proiektuak ezagutarazten eta profesionalizatzen.

Aurtengo edizioan hamar izango dira parte hartuko duten artistak, horietako zortzik musika atalean: Amaterra, Bamms, Ithaka, Muzak, Nakar, Olana Liss, Ramada Inn eta Siglas. Barrexerkak eta Iago Magoak, berriz, arte eszenikoetan hartuko dute parte. Gainera, programa Jazzaldiaren 58. edizioan izango da.

Hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan lau emanaldi egiteko aukera eskainiko zaie, emanaldi bakoitzeko 400 euroko diru-laguntzarekin, eta promozio-bideo bat grabatzeko aukera izango dute. Antolatzaileen arabera, “lan handia egingo da haien lanak zabaltzeko”.

Edizio honetan 65 jarduera egingo dira Gipuzkoako hainbat espazio eta jaialditan. 2023ko deialdian azpimarratzekoa da hiriburutik kanpoko proiektu ugari aurkeztu direla, bereziki, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Zumaia eta Zumarraga udalerrietatik (80  proiektu). Euskarazko proiektu asko aurkeztu direla ere nabarmendu dute: 88 guztira.

Musika estiloei dagokienez, pop-rock, rock&roll, hard rock, stoner, hardcore, metal, pop, blues, soul, jazz, folk, hip hop edota flamenkoa dira nagusi. Arte eszenikoen proposamenen artean, berriz, umore bakarrizketak, antzerkia, txotxongiloak, magia ikuskizunak edota performanceak daude.

Zabaldu: