Proiektu berriekin dator Atx Teatroa

Erdu! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia antolatuko du Bilbon, apirilaren 23tik 25era bitartean. Urrian, berriz, Lubaki lainotsua antzezlana estreinatuko du Azpeitian.

Atx Teatroak ezagutzera eman ditu datozen hilabeteetarako programatuko dituen proiektu berriak. Horien artean dago Erdu! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia. Lehenengo edizio hau apirilaren 23tik 25era bitartean egingo da Bilbon, eta azaldu dutenez, formatu ertain eta handiko haur eta familiei zuzendutako antzerki ikuskizunen lau proposamenek osatuko dute egitaraua.

Jaialdi honen xede nagusia da “diziplina ezberdinetako euskarazko haur eta familia antzerkia zabaltzea, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita ohiko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”, azaldu dute Atx Teatroko kideek. Hala, jaialdi honen bereizgarria da Euskal Herri osoko euskarazko proposamenak bilduko dituela. “Hizkuntza eszeniko ezberdinen bitartez gaurkotasuna duten gaiak jarriko dira oholtza gainean, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko”.

Harrobia Bilbao-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroaren laguntzarekin eta Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren finantzazioarekin antolatzen ari dira jaialdia.

Jaialdiaz gain, antzerki taldeak Lubaki lainotsua izeneko antzezlan berria estreinatuko du urrian, Azpeitian. “Belaunaldien arteko talka eta munduaren inguruko ikuspegi desberdinak izango dira marmitako berri honen osagaiak”, azaldu dute Atx Teatrokoek.

Taula gainean Maren Basterretxea, Miriam K Martxante eta Javier Barandiaran aktoreak ikusiko ditugu Iñaki Ziarrustaren zuzendaritzapean, Ximun Fuch antzerkigilearen kanpo begiradarekin batera osatzen ari dira obra.

Amaitzeko, Tomiris eta eta Kaskarot antzezlanek biran jarraitzen dutela nabarmendu dute Atx Teatroko kideek.

Zabaldu: