Iruindarrak sortutako ilustrazioak bihartik, hilak 14, irailaren 8ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.
Raquel Samitier artista (Iruñea, 1982) Giza Zientzietan (Kultura Kudeaketa, Nafarroako Unibertsitatea, 2004) eta Arte Ederretan (EHU, 2010) lizentziatua da. Noaingo Kultur Etxean kultura teknikari laguntzaile gisa lan egin zuen zortzi urtez eta, bitartean, teknika piktoriko, digital eta narratiboetan trebatu zen, Antonio Lopez, Flavita Banana, Dario Adanti, Jose Luis Agreda, eta Pablo Albo, bezalako artistek emandako hainbat ikastaro eta tailerretan. Duela urte gutxi batzuk Nafarroako Lansarek eta CLAVNA Ikus-entzunezko Klusterrak antolatutako Animaziorako concept art ikastaroan parte hartu zuen. 2019ean Iruñeko Ziudadelan ikusgai egon zen Imajinarioak erakusketan parte hartu zuen.
Aurten, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerra egin du, Etor Iraola idazlearekin batera. Bertan, astebetez, haurrei zuzendutako albumak sortzeko prozesuan murgildu da, Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea gidari izan dituelarik.
Samitierren gaur egungo proiektu pertsonala, oro har, haurrentzako albumetara bideratuta dago. Horren bitartez, bere hitzetan, “ilustrazioa eta narrazio grafikoa uztartu” ditzake “haurren mundu liluragarri eta zoroa esploratzeko”.
Euskarazko Haur Literaturaren esparruari dagokionez, zenbait liburu argitaratu ditu: Gretaren lagun onena (Yolanda Arrieta eta Raquel Samitier; Denonartean, 2022), Gorka Kaputz eta bere zomorroak (Raquel Samitier; Denonartean, 2021), Basajaun eta munduko beste lagun iletsu batzuk (Donald Navas eta Raquel Samitier; Itzul.: Jone Hualde; Denonartean, 2021), Behisuzkoa (Ines Saenz de Pipaon eta Raquel Samitier; Erein, 2021), Rotia eta Rensu album bilduma (Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Raquel Samitier; Erein, 2021), besteak beste.
Lan horietaz gain, ilustratzaile gisa lanean bestelako egitasmoetarako ere aritu izan da. Hala nola, Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 16. edizioko kartela, Elkarren Euskarazko Jolasen Katalogoa (2023-2024), Nafarroako VI. Edizio Azokako kartela eta Alaitz ikastetxeko liburutegiko Ipotxen Liburutegia murala berak eginak dira.
Gaur egun, artista Iruñean bizi da eta, eta inoiz halakorik lortuko zuela uste ez bazuen ere, lanbidez ilustratzailea da. Bere sorkuntzak bezero eta egitasmo bakoitzak eskatzen dizkion teknika eta estiloari egokitzen trebea da.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista eta Mai Egurza. Orain, Raquel Samitierren txanda da.