(argazkia: Irekia)

Rikardo Arregi sarietan bi sari emango dituzte aurten ere

Kazetaritza sarirako, kazetaritzaren berezko ezaugarriak dituzten lanak aurkeztu ahal izango dira. Komunikazio sarirako, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitutako lanak hartuko dituzte aintzat.

Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urtero moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu ditu Donostian emandako prentsaurrekoan.

XXXIII. edizioa da aurtengoa eta, orain bi urte hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, norberak bere burua edo nornahik beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango du, baina finalistak nahiz saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.

Irabazleak nortzuk diren azaroaren 25ean jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian. Ekitaldiaren goiburua da Martin Ugalde gogoan. Izan ere, aurtengo azaroaren 11n beteko baita Martin Ugalde idazle andoaindarraren jaiotzaren lehenengo mendeurrena. Bere lana, itzal luzeko konpromisoa eta oroimena gogora ekarriko ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, iaz Xabier Leterenak ekarri zituen antzera. Alexander Huitzi zinegotziak adierazi duenez, “neurri batean Martin Ugalde eta Rikardo Arregi batuko ditugu egun horretan Bastero kulturgunean izango den sari banaketa ekitaldian, biak izan baitziren euskarazko kazetaritzari bultzada ematerakoan aitzindari eta sustatzaile”.

“Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”, hori da Andoaingo Udalak urtero gogorarazten duen mezua eta Kazetaritza Sari hau hogeita hamahiru urteotan antolatzeko arrazoia.

Kazetaritza sariari dagokionez, 2020ko irailaren 16tik 2021eko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.

Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek. Betiere, 2020ko irailaren 16tik 2021eko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko du nahitaez. Sari hau ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 17ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus.

Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

XXXIII. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 25 iluntzean izango da Andoainen, Bastero kulturgunean.

Zabaldu: