Roberto Chartam artistaren ‘Ura besterik ez’ erakusketa irekiko dute hilaren 26an, Donostian

Irailaren 13ra arte egongo da zabalik Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan. Artile eta aluminiozko hariekin sortutako instalazioen bidez, naturan presente dauden forma eta proportzio geometrikoak ekarriko ditu artistak erakusketa aretoetara.

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako prestatu duen erakusketa-proposamen berriak naturaren eta geometriaren arteko lotura izango du ardatz. Roberto Chartam (Bilbo, 1977) artistaren Ura besterik ez erakusketa ekainaren 26tik irailaren 13ra arte egongo da ikusgai Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan, eta inaugurazio ekitaldia gaur izango da, 18:00etan.

Artilezko eta aluminiozko hariz osatutako instalazioen bidez, artistak Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak eraldatuko ditu, bisitaria geometriaren eta espazioaren arteko harremanetan murgiltzeko. Chartamen hitzetan, bere asmoa ez da marrazki konplexuak euskarri sinpleetan egitea, baizik eta itxuraz sinpleak diren formak erakusketa-espazio osoan hedatzea.

Artistak azaldu duenez, bere lanetan espazioa bera da obraren parte. Hori dela eta, bisitaria ez da lanaren aurrean kokatzen, haren barruan baizik. “Lanaren mugak ez ditu marrazkiak markatzen, espazioak berak baizik”, nabarmendu du.

Erakusketaren abiapuntua naturan aurki daitezkeen egitura eta proportzio geometrikoak dira. Itsas maskorren kiribilak, ekiloreen antolaketa edo zuhaitzen adarkatzeak bezalako adibideetan agertzen diren urrezko proportzioa, Fibonacciren segida edo Pi zenbakia bezalako erlazio matematikoak daude lanaren oinarrian. Bilbotarraren esanetan, elementu horiek modu naturalean transmititzen dute oreka eta harmonia sentsazioa.

Oraingo honetan, gainera, bere ohiko artilezko hariei aluminioa gehitu die. Euskal eskulturaren tradizioari keinua egin nahi izan dio horrela, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu eta Nestor Basterretxea bezalako artisten materialetara hurbilduz. Material berriak erronka berria ekarri diola aitortu du, baina emaitzarekin pozik agertu da.

Ia bi urteko sorkuntza-prozesuaren ondoren, Mandasko duke-dukesen jauregiaren aretoetan aurkeztuko du lana. Chartamek berak nabarmendu du Gladys Enea parkearen ingurunea eta erakusketa hartuko duten espazioak ezin egokiagoak direla bere proposamenerako.

Zabaldu:

Utzi erantzuna