(argazkia: Bertsozale Elkartea)

‘Sagardoak elkartzen gaitu’ ekimena aurkeztu dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoak eta Bertsozale Elkarteak

Sagardoa eta bertsolaritza uztartuko dituen saio ugari izango dira uda honetan, eta horietako bi bertso otordutarako txartelak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendiren arabera, “sagardoa eta bertsolaritza betidanik egon dira lotuta”. Aspalditik dator bien arteko harremana, eta urteen poderioz bilakaera izan duen arren, aurtengo uda bereziak harreman hori are gehiago estutzera bultzatu ditu. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak egikaritu dute oraingoan hartu-eman hori, Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren baitan, eta beste kide bat ere batu da: Musika Bulegoa elkarteak osatzen du hirukotea.

Gaur aurkeztu duten ekimen berri honi esker, “eskaintza ederra” izango dute Gipuzkoako hainbat sagardotegik. Hala, bost saio egingo dituzte guztira, eta horietako bi bertso otordutarako txartelak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Uztailaren 15ean izango da aurrenekoa, Adunako Aburuza sagardotegian. Bertan, Eli Pagola eta Unai Mendizabal arituko dira bertsotan, Aitor Mendiluze bere aldetik, gai jartzaile lanetan egongo da, saioa 20:30ean hasiko da. Uztailaren 24an, berriz, bigarrena izango da Astigarragako Astarbe sagardotegian, 18:30ean hasita. Bertan, mokadua eskainiko da eta bertso saioaz gozatzeko aukera egongo da Agin Laburu eta Maialen Lujanbio bertsolarien eskutik.

Uztailaren 26an, abuztuaren 7an eta 29an ere izango dira saioak: horietarako txartelak eskuragai dituzue hemen.

Zabaldu: