Sakanan izandako tortura kasuak argitzeko dokumentala osatzen ari dira

Sakanako talde bat bertako torturaren errealitatearen berri jasoko duen Arg(h)itzen dokumentala sortzen hasi da. Proiektua finantzatzeko 10.000 euro behar dituzte, eta horretarako finantzaketa kolektiboa martxan jarri dute.

Sakana Nafarroa Garaiako ipar mendebaldean kokatua dagoen eskualdea da, eta 305,5 km karratuko azaleran 20.000 pertsona inguru bizi dira. 1960tik 2011ra bitartean, bertako 149 herritarrek torturak eta tratu txarrak salatu izan dituzte funtzionario publikoen zaintzapean zeudenean. “Datu honek erakusten du oraindik orain indarrean dagoen gatazka politikoari hertsiki lotzen zaion errealitate lazgarri baten dimentsioa”, adierazi dute proiektuaren sustatzaileek. “Oraindik orain Nafarroari dagokionean egin gabe dago Torturaren errealitatea jasoko duen ikerketa ofizial osaturik”, azpimarratu dute.

Nafarroako Gobernuak 1960 eta 1978 urteen artean egiaztatutako 169 tortura kasu aztertzen zituen txostena aurkeztu zuen iazko otsailean, baina 1978tik aurrerakoa ikertu gabe dago, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Legebiltzarrak martxan jarritako egitasmoa geldiarazi eta gero.

Euskal Memoria Fundazioak dokumentatutako kasuen arabera, 600 nafar baino gehiagok jasan dute tortura 1960tik 2010era bitartean. Milatik gora izan daitezkeela ere uste da. “Gizartetik bertatik bultzatutako ekimenei zor diogu orain arte jakin duguna”, eta ahalegin kolektibo erraldoi honi bere “ekarpen xumea” egin nahi dio ere Arg(h)itzen dokumentalak. “Torturak gurean izan duen zabalpena ezin da ulertu praktika honi Estatuko botereak zuzenean edo zeharka eskaini dioten babesik gabe”.

Dokumentalak tortura pairatu duten Sakanako herritarrek bizitakoaren testigantzetatik abiatuta, eta zuzenbidean, psikologian eta osasun zientzietan zein komunikazio politikan adituak diren hainbat profesionalen laguntzarekin, torturaren praktika ahalbidetu duen “eraikuntza” politiko, legal, judizial eta ideologikoa ikertu eta jendarteratu nahi du. Torturaren praktika ikusezin eta zigorgabe izatea posible egin duen tresneria eta konplizitate sarea azaleratzen lagundu nahi du. “Jakitun gainera tortura posible egin duen “eraikuntza” hori egundaino eraitsi gabe segitzen duela, agintea eskuetan dutenen borondate politikoaren arabera edozein unetan operatibo bihur daitekeela berriro”.

Egitasmo honen helburua da “gatazka politikoaren konponbideari eta bizikidetza demokratikoari ekarpen bat egitea. Giza eskubideen urraketa, bortizkeria oro, proiektu politikoen arteko lehiatik behin betirako kanporatzen laguntzea. Gatazka baten testuinguruan gertatutakoaren egia osatzea, mosaiko erraldoi bat egitea bezalako erronka da”.

Unai Razkin koordinatzen ari da dokumentala, “osatu dugun lantaldearen ezaugarri nagusia da Sakanako jendarte ehunarekin konpromisoa dugun pertsonak garela. Formakuntza eta ibilbide anitzekoak izaki, gutako denok urte luzetako eskarmentua dugu herrigintza bezala ezagutzen den ahalegin komunitarioan”, adierazi du. Irurtzungo Aixita irabazi asmorik gabeko elkarteak eskaini die egitasmoa aurrera ateratzeko “ezinbestekoa den estaldura juridikoa”.

Finantzaketa kolektiboa martxan

Proiektua aurrera ateratzeko finantzaketa kolektiboa abiatu dute, Verkami webgunearen bitartez. 10.000 euro beharko dituzte, eta dokumentala 2022an aurkeztea aurreikusten dute.

Zabaldu: