(argazkia: Oskar Moreno)

San Telmo Museoak Elena Brockmann de Llanosen ‘Patio de un parador’ lana jarri du Arte Ederretako aretoan

Obra zaharberritu egin da Baginen Bagara erakusketarako, eta urtebetez egongo da ikusgai.

Donostiako San Telmo Museoko Arte Ederretako aretoan Elena Brockmann de Llanosen (Madril, 1865-1946) Patio de un parador margolana jarri dute ikusgai. Tamaina handiko koadroa da (151x300cm), eta Madrilgo Prado Museoak 1901ean utzi zuen gordailuan San Telmo Museoan, museoa bera inauguratu aurretik.

San Telmo Museoko arduradunek azaldu dutenez, “artisten eta partikularren dohaintzak eta hainbat erakunderen gordailuak funtsezkoak izan ziren Donostiako udal museoaren (gaur egungo San Telmo Museoa) sorreran. Bere ibilbideko lehen urteetan Prado Museoaren laguntza aipagarria izan zen, 1901ean interes handiko bost lan gordailuan utzi baitzituen, horien artean Elena Brockmannen Patio de un parador. Museoan sartutako lehen obretako bat da, eta emakume batek margotutako lehena; egoera horrek berezi bihurtzen du”.

Orain, Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketarako, koadroa zaharberritu egin da eta urtebetez ikusgai izango da arte bilduma historikoaren aretoan.

Baginen bagara erakusketak artearen sistemak artistak baztertzeko erabili dituen estrategiak jorratzen ditu XIX. mendetik hona. Hasierako proiektuan Patio de un parador obra ere bertan izatea aurreikusita zegoen, baina azkenean ezetsi egin zen bere tamaina handiagatik. Hala ere, obraren kalitateak eta bere historiak, museoarenarekin hain lotuta dagoenak, kokaleku berri batean eta erakusteko denbora gehiagorekin ezagutzera emateko modu bat bilatzea eragin dute.

Carlos G. Navarro, Museo Nacional del Pradoko XIX. mendeko Pintura Arloko teknikaria, Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin eta San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotorekin izan da museoko aretoetan koadroaren sarrera aurkezteko.

Hala, Brockmannen margolana urtebetez egongo da ikusgai San Telmo Museoko arte-bilduma historikoaren aretoan, eta Joaquin Sorollaren zenbait lanetatik gertu kokatu da, garaikidea. Brockmannen obrarekin batera, bilduma pribatu bateko taula bat jarri dute ikusgai. Bertan, artista bera ikus dezakegu Paso de una procesión por el claustro de San Juan de los Reyes, Toledo koadroa margotzen, bere tailerrean, lanabesez inguratuta. Era berean, Gordailuan azken hilabeteetan egin den azterketa eta zaharberritze prozesua jasotzen duen bideo bat aurkeztu da. Azaldu dutenez, “artelana egoera onean zegoen, baina bernizen oxidazioa zela eta, jatorrizko koloreak halo horixka opako batean bilduta zeuden. Garbitasunak freskotasuna itzuli die, eta orain koadroa bere ñabardura guztiekin ikusteko aukera dugu”.

Aldez aurretik, obraren azterketa zabal bat egin zen, argazki eta argiztapen teknika desberdinekin. “Teknika horiek obraren zati ez ikusgarriak argitu dizkigute: berpinteak, garbiketa partzialak, galerak…”.

Lucia Martinez Valverde Prado Museoko zaharberritzailea, XIX. mendeko pinturan aditua, San Telmoko taldearekin lankidetzan aritu da zaharberritze lanetan. Lanak Gordailuko zaharberritze tailerretan egin dira, bertan koadroa 2011tik zegoen gordeta.

Zabaldu: