(argazkia: Tartean Teatroa)

Sandra Fernandez Agirre: “Obrak pasio bat jarraitzeak batzuetan bizitzako gauza garrantzitsuak galtzera eraman zaitzakeela kontatzen du”

Tartean Teatroak Alderray antzezlana estreinatuko du datorren martxoaren 9an eta 10ean Bilboko Arriaga Antzokian. Lantaldearen hitzetan,obra narrazioen narrazio bat” bezala egituratuta dago.

Tartean Teatroa Alderray antzezlan berriarekin igoko da berriro Euskal Herriko oholtzetara. Patxo Telleria antzerkigileak idatzi eta zuzendutako obrak Alderray du protagonista nagusi. Lantaldeak azaldu duenez, “Alderray pertsonaien ehiztaria eta istorio kontalaria da. Horretan aritu da bizitza osoan, kalerik kale pertsonaia berezien bila. Sena du, giza fauna ugarian, kontatzea merezi duten istorioak antzemateko. Gero, edozein kale kantoi edo plazatan, istorio horiek kontatzen dizkie entzun nahi dutenei, borondatearen truke. Alderray errari bizi izan da beti, askatasun osoan, nahita aukeraturiko bakardadean. Baina gaztaroa aspaldi joan zen eta orduko kemena galdua dauka. Orain askatasuna eta bakardade erabatekoa zama bihurtu zaizkio.

Une honetantxe bere bizitzan neska gazte bat agertuko zaio, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina hala ere bere ondoan onartuko du, morroi gisa”.

Alderrayren azalean Mikel Martinez aktorea ikusiko dugu, neskatoarenean, berriz, Sandra Fernandez Agirre. Azken honek antzezlanaren xehetasunak eman dizkigu Kontalariak atalerako.

Martxoaren 9an eta 10ean estreinatuko dute obra Bilboko Arriaga Antzokian. Handik Leioara egingo dute jauzia, Iruñera, Santurtzira, Donostiara… agenda bete-betea dute jada.

Zabaldu: