Teknikariok Sindikatuak elkarretaratzea egingo du asteazkenean Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean

Aurten jarduera %80a baino gehiago jaitsi dela, eta kulturako lanpostuen %43 suntsitu direla nabarmendu dute.

Urtebete igaro da alarma egoera ezarri zenetik, eta Teknikariok sindikatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, ikuskizunen eta ekitaldien sektorea gehien sufritu duenetako bat izan da, eta oraindik ere krisi luze horren ondorioak pairatzen jarraitzen duela nabarmendu du. “Sektoreko langileen pobretzea errealitate bat da: langile gehienek zailtasunak dituzte mantentzeko, eta datuek horixe erakusten dute”.

Aurten, jarduera %80 baino gehiago jaitsi da, eta kulturako lanpostuen %43 suntsitu dira. “Gure kasuan, langileen %30ek soilik dute aldi baterako erregulazio espedientea (ABEE), eta beste %30 aldizkako langileak dira, inolako babesik gabe, eta Eusko Jaurlaritzak Kulturarako emandako azken diru-laguntzan ere ez dira kontuan hartu. Langile autonomoen fakturazioa jaitsi egin da, eta pobretzea, oro har, %60tik gorakoa izan da 2019ko datuekin alderatuta”, azaldu du sindikatuak.

Egoera honen aurrean, martxoaren 24an, asteazkena, Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean, elkarretaratzeko deia egin du sindikatuak, goizeko 11:30ean. “Ordu horretan elkarretaratzea egingo dugu Teknikariok sindikatuko bi kidek kultura batzordean agerraldia egiten duten bitartean”, adierazi dute.

Sindikatuak 2020. urtearen amaieran egindako inkestaren ondorioak eta datuen laburpen txiki bat kaleratu du: TEKNIKARIOK Ab2020 EAEko ikuskizun eta ekitaldietako langileen egoera.

Zabaldu: