(argazkia: Donostia Kultura)

San Telmo Museoak liburu batean jaso du Donostiako Antzoki Zaharraren historia

Donostiako museoak eta Mikel G. Gurpeguik Zaharra eta gurea. Antzoki Zaharra eta haren historia liburua aurkeztu dute. Argitalpenak Donostiako antzokirik zaharrenaren ibilbidea jasotzen du, 1846an inauguratu zenetik gaur egunera arte.

Donostiako San Telmo Museoak Mikel G. Gurpeguik idatzitako Zaharra eta gurea. Antzoki Zaharra eta haren historia liburua aurkeztu du. Argitalpen berriak Donostiako Antzoki Zaharraren historia jasotzen du, 1846an inauguratu zenetik gaur egunera arte, eta hiriko kultur bizitzan izan duen garrantzia dokumentatzen du.

2022an abiatu zen ikerketa prozesu baten emaitza da liburua. Urte hartan, San Telmo Museoak Amable Arias (1927-1984) artistaren Antzoki Zaharra seriearen mailegua jaso zuen, haren bikotekide Maru Rizoren eskutik. Bildumak 61 akuarela, arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazki eta artistaren haurtzaroko argazki sorta biltzen zituen. Lotura hori ez zen kasualitatea: Ariasen amak Antzoki Zaharreko jantzizaindegian egiten zuen lan, eta artistak haurra zela bertan igarotzen zuen denbora.

Material horrek 2023an Amable Arias banbalinetan erakusketa antolatzeko aukera eman zion Donostiako Museoari. Erakusketak artistaren eta Antzoki Zaharraren arteko harremana agerian utzi zuen, eta orain, liburu honen argitalpenarekin, proiektuari amaiera eman diote, eraikinaren historiari eta haren balio kulturalari ikuspegi zabalago bat eskainiz.

Argitalpena osatzeko, Mikel G. Gurpeguik artxiboetan, hemeroteketan eta argazki-funtsetan ikerketa sakona egin du. Lan horren bidez, Donostiako Kale Nagusian dagoen Antzoki Zaharraren ia 180 urteko ibilbidea berreraiki du, eraikinak izan dituen eraldaketa arkitektonikoak eta garai bakoitzean hiriko kultur jardueraren erdigune gisa bete duen eginkizuna jasoz.

Zaharra eta gurea. Antzoki Zaharra eta haren historia liburuaren 500 ale argitaratu dira. Aurrerantzean, San Telmo Museoko dendan eta Elkar liburu-dendetan egongo da eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna