Santa Maria katedralaren historia ezagutzera emateko, “errealitate birtuala” erabiliko dute

Santa Maria plaza, Santa Maria kantoia eta kanpandorrea izango dira hiru abiapuntuak.

“Proiektu honen helburua Katedralera eta Harresira egiten diren bisitak aberastea da, lehen aldiz bisitatzen gaituztenak harritzen jarraitzeko eta ezagutzen gaituztenei, gure ondare historiko-artistikoaren harribitxi hau berraurkitzeko arrazoiak emateko”, nabarmendu du Cristina Gonzalez Arabako diputatuak.

Hala, esperientzia birtual honetarako, Santa Maria Plaza, Santa Maria kantoia eta Kanpandorrea aukeratu dituzte abiapuntu gisa. Horietako bakoitzean, bisita gidatuaz gozatzen duten pertsonek, aldez aurretik indarrean dauden segurtasun eta desinfekzio neurrien arabera egokituta egongo diren VR betaurrekoak erabiltzeko aukera izango dute, eta baita denboran bidaiatzeko ere, 360 gradutan sortutako ikus-entzunezko piezei esker.

Hala, aukeratutako lehen agertokia Santa Maria plaza izango da. Bertan, sorrerako Gasteiz ezagutzeko aukera egongo da IX. mendetik lehenengo Santa Maria eliza eraiki zen arte.

Bigarren agertokia Santa Maria kantoian egongo da eta bisitaria hiriko sarrerara eramango du, harresia zeharkatuz. XII. mendean, Gasteizek harresia eraikitzeari ekin zion, eta sarrerako ateetako bat iparraldean egin zen. XIV. mendearen bigarren erdialdean, katedralaren nabeko lanak zirela eta, sarrera metro batzuk eskuinera eraman behar izan zuten, eta, ondoren, XVI. mendearen bigarren erdian, atea Frai Zacarias kalera lekualdatu zen berriro.

Bigarren agertoki honetan, atea berreraikitzeaz gain, ingurune osoa era birtualean birsortu da. Hala, bisitariek katedralaren dorrea, harresietatik kanpora dagoen Santa Maria nekropolia, Andatarren dorrea, Santo Domingo komentua eta gainerako hiriaren eraikuntza ikusteko aukera izango dute.

Azkenik, hirugarren puntuak Katedralaren kanpandorrera eramango ditu bisitariak, 60 metroko altueran, egungo hiriaren panoramika eta Gasteizko bilakaeraren berregite bolumetrikoa ikusi ahal izango dira.

Bisita katedralaren kripta eta hiriko harresiarekin osatuko da.

Zabaldu: