Donostian aurkeztu duten proiektuak bi formatu ditu: batetik, liburua, honetan egindako lan guztia jasotzen da: testua, margolanak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak”. Bestetik, erakusketa bat, Lizarralderen testu batetik abiatuta sortu den guztia Iruñean, Gasteizen eta Donostian egongo da ikusgai urte honetan zehar eta 2023an Bilbon.
Sastraka/Maleza beste hainbeste arlotan arituak diren lau lagunen lanaren emaitza da. Honen guztiaren sorreran Pello Lizarralde idazleak Jose Ignacio Agorreta margolariari bidali zion testu bat dago; oinarri bera hartuta, handik gutxira, Imanol Ubeda musikariak hamabi kanta ondu zituen eta Imanol Rayo zinemagileak argazki bilduma.
Lizarraldek azaldu dutenez, “Sastraka/Malezan bidaia labur bat dago, ezinezko bidaia bat. Heriotzaren kontzientzia, apur bat bada ere, izan orduko, gero eta maizago harrapatzen gaitu iraganera itzultzeko bidea hartzeak. Eta itzuli egin behar jakiteko bidearen buruan itzalak eta dezepzioa besterik ez dagoela eta irtenbideren bat bilatzera behartuta zaudela”.
Testu honetatik abiatuta sortu den guztia Iruñean, Gasteizen eta Donostian egongo da ikusgai 2022. urte honetan zehar erakusketa baten bidez. Bilbon, berriz, datorren urtearen hasieran ikusi ahal izango da. Inaugurazio egunetan Imanol Ubedak eta Don Inorrez-ek kontzertua eskainiko dute egitasmo honetarako egindako kantak aurkezteko.
Egileek azpimarratu dutenez, Sastraka/Maleza ez da erakusketa huts bat, liburu bat ere bada. Erein argitaletxearen eskutik argitaratu dute eta egindako lan guztia jasotzen du: testua, margolanak, diskoa, argazkiak eta argazki horiei laguntzeko sartutako soinuak.