Garua konpainiaren 'El amarre del sapo'

Scratxe Gauak 20. edizioa ospatuko du irailaren 17tik 20ra Gasteizen

Bost pieza labur, iazko lan baten estreinaldia eta sorkuntza-prozesuak publikoarekin partekatzeko bi jarduera izango dira Baratza Aretoan eta Artium Museoan.

Proposamen eszeniko batek ez du zertan amaituta egon publikoaren aurrean erakusteko. Batzuetan, probatu, arriskatu eta huts egiteko espazioa ere behar du. Horixe izan da Scratxe Gauaren abiapuntua 2009tik: artista gazteei beren lehen lanak erakusteko eta ikusleen aurrean probatzeko lekua eskaintzea, piezak oraindik bidean daudenean. Gasteizko jaialdiak 20. edizioa ospatuko du aurten, eta lau eguneko egitaraua izango du irailaren 17tik 20ra, Baratza Aretoan eta Artium Museoan.

Dantza, antzerkia, performancea eta diziplina anitzeko proposamenak izango ditu aurtengo egitarauak. Deialdiaren bidez hautatutako lanek gehienez 20 minutuko iraupena izango dute, formatuak ez baitu izan nahi azken emaitza itxi baten erakusleihoa: sorkuntza-prozesuaren parte da publikoa bera ere. Horren erakusgarri izango da aurten ere erakustaldien ondorengo solasaldia, artistek eta ikusleek elkarrekin partekatuko duten unea.

Egitarauari dagokionez, irailaren 17an, osteguna, abiatuko da 20. edizioa, Artium Museoan. 17:00etan, Lara Brownek eta Amalia Rodriguezek Los trabajos del amor tailerra gidatuko dute, aurreko edizioan aurkeztutako pieza batetik abiatuta. Aurtengo berritasun gisa tailerrak iazko lanarekin lotura zuzena izango du.

Ostiralean, irailaren 18an, berriz, Scratxe Gauako ohiko hitzordua izango da: 20:00etan, Baratza Aretoan, Candela Garazik Pensé por un segundo aurkeztuko du, iaz erakutsitako piezaren bertsio luzea. Scratxe egoitzaren ondoren garatutako proposamenean Marta Lorenzana, Mar de Dios, Izar Ocariz eta Naiara Otaegi ariko dira taula gainean. Lanak gaztelu puzgarri bat poliki altxatzen den bitartean, eraldaketarako nahia eta errealitatearen inguruko entsegu kolektiboa jartzen ditu erdigunean.

Bost begirada

Larunbatean, irailaren 19an, izango da jaialdiaren erakustaldi nagusia. 19:00etan hasita, deialdi irekian aukeratutako bost pieza aurkeztuko dira Baratza Aretoan, eta ondoren ikusleen eta artisten arteko solasaldia egingo da.

Blau Pique Bosch-ek, Barjaula Travesti gisa, Fantasía King de las 5:30 AM aurkeztuko du, hitzaldi performatiboa eta komedia uztartzen dituen lana. Drag King unibertsoaren bidez, bazterren isolamenduaz eta sistemak identitateak nola etxekotzen dituen aztertzen du, autofikzioa, umorea eta “salseoa” baliatuz.

خيمة النار artistaren Haciendo el amor bajo sus sombras / نصنع الحب تحت ظلالهم lanak gorputz arrazializatuen arteko samurtasuna du abiapuntu, eta afektu hori luzatzen denean ikuslearengan sortzen den deserosotasuna jartzen du jokoan.

Garua konpainiaren El amarre del sapo obrak, berriz, umorea eta absurdoa baliatuko ditu familia-loturez, heredatutako sinesmenez eta maite duguna ez galtzeko hartzen ditugun neurriez hitz egiteko.

Lur&Maruren We’re All Fish piezak bi pertsonaiaren amets partekatua kontatzen du: ahalik eta intentsitate handienarekin maitatuak izatea. Haurtzaroko ametsak, norberaren izatearen onarpena eta bizitzan norbere erritmoa aurkitzeko beharra ditu ardatz.

Azkenik, Thierno Ibrahimaren Mug’ari galderetatik abiatzen da —nor eta non—, identitateari, mugimenduari eta zapaldu, bereizi eta zuzentzen duen botereari buruz hausnartzeko.

Sorkuntza-prozesua irekitzea

Jaialdiaren 20. edizioa igandean amaituko da, hilaren 20an, Artium Museoan. 10:00etan hasita, Idoia Zabaletak Gesto Leer Scratxe Laborategia gidatuko du. Lau orduko lan-saioa izango da, eta Scratxe Gaueko parte-hartzaileekin batera egingo du lan artistak, sorkuntza-prozesuetan sakontzeko. Jarduera publikoari ere irekita egongo da.

Hala, jaialdiak ez du soilik eszena-lanak erakutsi nahi: lan horiek nola sortzen diren ikusteko aukera ere eskainiko du, prozesua bera publikoaren eskura jarriz.

Sarrerak salgai daude jada Baratza Aretoaren webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna