Atx Teatroak ‘Balbea’ antzezlana estreinatuko du irailaren 25ean Gasteizen

Antzerki konpainia bizkaitarraren laugarren bakarkako obra da Balbea. Gasteizko Baratza aretoan aurkeztuko du, Zurrunbilo Jaialdiaren baitan.

Tomiris, Bihotz Salataria eta Gabriel Gabrielle obren ostean, Balbea bakarkako lana estreinatuko du Atx Teatroak irailaren 25ean, Gasteizeko Baratza aretoan, Zurrunbilo Jaialdiaren baitan. Lantaldearen arabera, “antzezlan berriak heriotzaren inguruan hausnartzen du”. Bakarkako lan honetan Valentina Raposok sortutako txotxongilo desberdinez lagunduta egongo da Iñaki Ziarrusta Atx Teatroko kidea agertokian: Bi urteko haur bat, kuadrilla bat eta heriotza bera.

Ziarrustak adierazi duenez, “zenbat bider ikusi dugu lagun bat edo senidea, harro egoteko moduko bizitza izan duela eta, hala ere, hiltzeko zorian dagoela, bere izaera lainotu, ilundu eta azkenean, mundu hau haserre bizian abandonatu duena. Arrazoiak milaka izan daitezke, egoerak ere anitz…. Ez gaituzte azken momentu horretarako prestatzen, baina aktoreok suerte ikaragarria daukagu; gertatu baino lehen antzeztu dezakegulako”.

Sinopsiaren arabera, “egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez. Duintasunez hiltzeko, egin dugun bizitzarekin konforme, bizitzaren arintasunaz kontziente. Hementxe dugu Gregorio, buru eta gorputz ahalmenak gainbehera, bere egunerokotasuna delirio eta errealitatearen artean bizitzen… Munduak ez dio poztasun handirik eman, suminduta dago eta amets bakar bat du: badaki bere azken momentua ailegatzear dagoela eta ez du haserre hil nahi”.

Sorkuntza prozesuan, lantaldeak egonaldi artistikoak egin ditu Lekeitioko Arropaineko Arraguan eta El Punto Gunean, Aitzoainen. Estreinaldia irailaren 25ean izango da Zurrunbilo Jaialdiaren baitan. Ordutik aurrera, Euskal Herriko hainbat agertokitan taularatuko dute lan berria.

Hurrengo datak

2022/09/25 Baratza Aretoa, Zurrunbilo Jaialdia, Gasteiz

2022/11/10 Dinamoa, Antzerki Topaketak, Azpeitia

2022/12/08 Club Aretoa, Victoria Eugenia Antzokia, Donostia

2022/12/09 Club Aretoa, Victoria Eugenia Antzokia, Donostia

 

Zabaldu: