Ibilbideari amaiera emateko 112 izeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu du taldeak eta agur bira egingo duela iragarri du.
Hamalau urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Skakeitan taldeak. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez eman du ezagutzera erabakia, “iaz elkartu ginen ordura arte bizitakoaz hitz egiteko, gure barruan generaman horri argazki bat ateratzeko. Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena”, adierazi dute.
Orotara, zazpi disko kaleratu ditu taldeak: Skakeitan (2010), Ahots gabekoen ahotsa (2012) Orekariak (2014), Galera (2016), Galera Beats (2017), Nola galdu denbora (2019) eta Eman ez genuen kontzertua (2021).
Azaldu dutenez, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak, “eta hala moldatu gera, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia. Nola esan agur? da bizitzaren ironietako bat, gure auzoez ari ginen, eta badirudi dimentsio handiago bat hartu duela honakoan. Bai, agur esatera gatoz. Eh, baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: Asko maite gera”.
Ibilbideari amaiera emateko 112 izeneko kanta eta bideoklipa aurkeztu du taldeak eta agur bira egingo duela iragarri du, “Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza. Topo erdibidean. Laster iragarriko ditugu gure azken birako datak. Zuekin azkena”.