Zinetika Jaialdia azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean izango da Iruñean, Donostian eta Bilbon

Programazioa Marina Lameiro zinemagilearen masterclass batek, Luna Negra filmaren aurkezpenak eta In Perspective performanceak osatuko dute.

Zinetika Jaialdiaren VII. edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitartean egingo da Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta horretarako, bideo-dantzako film laburretan, performanceetan, lantegietan eta masterclassetan oinarritutako programazioa prestatu dute.

Oraingo honetan, nazioarteko topaketa honek bi gune berri izango ditu. Guggenheim Museoa izango da Zinetikaren egoitza berria Bilbon, TopARTE programaren barnean, bere 25. urteurrenean.

Horrez gain, Arkitektura Institutua izango da Donostiako kokaleku berria. Donostian jarraituko dute, halaber, Trueba zinema aretoek film laburren proiekzioak egiteko. Iruñean, berriz, ekintzak Civivox Condestablen izango dira.

Programazioari dagokionez, Marina Lameiro zinemagilearen masterclass batek, Luna Negra filmaren aurkezpenak eta In Perspective performanceak osatuko dute.

Bestalde, Donostiako egoitzan lantegi bat egingo da, Decoding Dance izenekoa. Muriel Romerok, Pablo Palaciok eta Daniel Bisig-ek (Instituto Stocos) emango dute, eta dantza-artearen trebetasunak eta arte digitaletako arte-trebetasunak uztartuko ditu. Proiektu honen helburua da sormen-transferentzia sofistikatuaren maila berri bat lortzea bi diziplina horiek bat egiten dutenean. Helburu hori lortzeko dantza digitalizatzeko tresnak lantzen dira, mugimendua atzituz eta adimen artifizialean eta arte sortzailean oinarrituta, arlo horietan gertatzen ari diren aurrerapen garrantzitsuak kontuan hartuta. Lantegi hau Dantzaguneak antolatuko du Zinetikarekin elkarlanean.

Berrikuntza gisa, aurten jaialdiak elkarren segidako hiru asteburutan garatuko ditu bere jarduerak, eta ez, aurreko edizioetan bezala, aldi berean astebetez. Horrela, azaroaren 18tik 20ra bitartean Iruñean garatuko da jaialdiaren programazioa; Donostian azaroaren 26tik 28ra bitartean; eta Bilbon, abenduaren 3tik 4ra bitartean.

Zabaldu: