(Iruñeko Udala)

Soinua, eskultura eta irudia uztartu ditu Matthias Malefondek ‘Ez dira pasako’ erakusketan

Soinua, eskultura eta instalazio plastikoa uztartzen ditu Iruñeko Ziudadelako Labean ikusgai dagoen proiektuak. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako egonaldi artistikoan sortu zuen, eta urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da.

Matthias Malefond artista frantziarrak Ez dira pasako erakusketa jarri du ikusgai Iruñeko Ziudadelako Labean. Euskal musika tradizionalari buruzko ikerketa batean oinarrituta, soinua, eskultura eta instalazio plastikoa uztartzen ditu proiektuak. Hiru lanek osatzen dute erakusketa, eta errepikapena, lekualdatzea eta eraldaketa dira haien arteko loturak.

Udaberrian Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako egonaldi artistiko eta ikerketa-egonaldian hasi zen Malefond proiektua garatzen. Egonaldia Kometak egitasmoaren barruan egin zuen, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak, Etxepare Euskal Institutuak eta Zebra3 guneak elkarlanean sustatuta.

Euskal musika tradizionala, sorkuntzaren oinarri

Ahotsa eta klarinetea dira erakusketaren oinarrian dagoen musika-ikerketako elementu nagusietako batzuk. Peru Galbeterekin egindako grabazioak eta Amaren Alabak taldearenak erabili ditu artistak, bere grabazioekin batera. Azken horietan, ehundura elektronikoak eta bestelako soinuak tartekatu ditu.

Musika ardatz hartuta, soinuaren, irudiaren eta eskulturaren arteko harremanak lantzen ditu Malefondek. Eskulturan agertzen diren errepikapenek eta bukleek lotura dute musikan garatutako egiturekin.

Erakusketako bideoak, berriz, magnolia landarea du abiapuntu. Haren bidez, paisaiaren eraikuntzari eta ikuspegiari buruzko hausnarketa planteatzen du artistak, musikaren eta irudien arteko harremana landuz.

Urtarrilaren 24ra arte ikusgai

Ez dira pasako 2027ko urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai Iruñeko Ziudadelako Labean. Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.

Zabaldu:

Utzi erantzuna